Jesus Artetxe: «Materiala ez diogu inoiz ematen pertsona bakarrari»

tolosa 2012ko urtarrilaren 12a

2011k bi aste gehiago izango balitu, Jesus Artetxek hau izango zuen Palestinara egiten duen urteko laugarren bidaia; atzo abiatu zen Loiutik Tel Aviv-era, maletak sendagaiez beterik zituela eta Jeningo errefuxiatu kanpamendura iritsi nahian.

Palestinara joan aurretik, Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza egunkariarekin egoteko tartea hartu du Jesus Artetxek (Tolosa, 1949).

Atzo abiatu zen Jeninera, bi lagunekin batera. Sendagaiez betetako maletak eramango dituzte errefuxiatu kanpamendu batetara, baina horrez gain, 12 egunetan hara eta hona ibili beharko du. Alde batetik, Palestinako haurrekin Mikel Laboaren kantu bat grabatu nahi du, eta bestetik, Ramalan palestinar pasaportea jasoko du tolosarrak.

Biladi Palestinaren aldeko elkartearen babesarekin egingo duzu bidaia.

Horrela da, baina ez nago Biladiren antolakuntza barruan, lana eurekin egiten dudan arren. Tolosako edo Donostiako udaletxera joaten banaiz, euren babesarekin joaten naiz, horrela laguntzak lortzea errazagoa delako. Gipuzkoan Biladiren antzeko fundazio bat sortzeko aukera eman izan didate, baina oraingoz modu honetan jarraitzen dugu lanean, eta serio gainera.

Gobernuz kanpoko erakunde bat ere ez zarete.

Ez gara Gobernuz kanpoko erakunde ofizialista horietako bat, non bidaiak eta dena ordaindua duten. Beste modu batera lan egiten dugu: pixkanaka-pixkanaka ia 500 kilo material eraman ditugu Palestinara 2011n, eskolako eta kiroletarako. Hau laugarren bidaia izango da, nahiz eta jada 2012an gauden.

Oraingoak sendagaiak emango dituzue. Nola bildu dituzue?

Jendearen jarrera izugarria izan da. Azpeitian adibidez, gaztetxekoek lan eskerga handia egin dute. Pentsa, guk bi poltsa handi eramango ditugu goraino beteta, eta beste horrenbeste bildu dute eurek. Azkenean, Saharara bidali genituen eraman ezin genituenak.

Eta nola garraiatuko dituzue bi poltsa horiek?

Athletic-en bi kirol poltsa erraldoi dira, eta asto lana egiten eramango ditugu gurekin, arrastaka, sendagaiez lepo.

Hegazkinez ekingo diozue bidaiari, ezta?

Bilbotik Madrilera eta hemendik Tel Aviv-era joango gara hegazkinez. Bertan, lagun batzuk edukiko ditugu zain, arazorik baldin badugu edo. Aurrez, Bilbon, maletei argazkiak aterako dizkiegu, zabalik eta plastikoarekin itxita; zer daramagun eta zer ez daramagun argi gera dadin.

Laugarren bidaia izango da oraingoa. Aurrez, zer eraman duzue?

Eskolarako eta kiroletarako materiala: boligrafoak, arkatzak, koadernoak, kamisetak... Euskaltel Euskadik emanak.

Eta arazorik izan al duzue?

Ez, orain arte dena ondo joan da. Bertako lagunek ere laguntzen digute, maletak mugitzerakoan eta abar.

Behin Tel Aviv-era iritsita, nora joango zarete?

Autobus txiki batek Jerusalemera eramango gaitu. Han beste bat hartu eta Ramalara. Hemen, hirugarren batek Nablusera eramango gaitu, eta azkenik, laugarren autobus batek Jeninera.

Eta azkenean, asko kostata bada ere, Palestinan.

Gauza bat argitu nahiko nuke. Guretzat Palestina historikoak Palestina izaten jarraitzen du. Israelgo estatua ez dugu onartzen, eta ez dugu onartuko gainera. Gutxiago, egin dituzten krimenak eta palestinarren aurkako arrazakeria, Europaren eskuzabaltasunarekin, ez bada errekonozitzen.   Hori demokratizatu eta argitzen ez den bitartean, Israelgo estatuari ez diogu zilegitasunik ematen.

Lurralde okupatura sartzeko, arazorik izaten al da?

Momentuz ez. Europarrak autobusean gelditzen dira kontrolean, eta palestinarrak jaitsi eta oinez pasatzen dute, beste bide batetik. Gero, berriro, denok elkartu eta autobusera igotzen dira.

Hemengo kontroletan, badute motxila eta poltsak erregistratzeko afizioa. Han horrelakorik gertatzen al da?

Normalean ez. Autobusera igo eta jendeari begira gelditzen dira. Batzuei dokumentuak edo pasaportea eskatzen dizkie, eta galderak egin. Ez zergatik dauden eta abar. Ordubete egon daitezke horrela autobusean. Bitartean, denak zain. Autobus gidariak elkarrekin komunikatzen dira une horretan, arabieraz noski, geldirik daudela esateko eta abar. Hala eta guztiz ere, sartzea baino zailagoa izaten da irtetea.

Tel Aviv-etik Jeninera, zenbat kilometro eta zenbat ordu daude?

Kilometroak 100 inguru izango dira. Goizean goiz, 05:00etan aterako gara, eta Jeninera... 12:00ak edo 14:00ak aldera iritsiko gara ondo badoa (Barreak). Beraiek dioten bezala, arabiar pazientzia eduki behar da. Kontrol finkoez gain, mugikorrak jartzen dituzte bidean, eta horrela da, pazientziaz hartu behar izaten da.

Behin Jeninera iristean, noren esku utziko dituzue sendagaiak?

Materiala ez diogu inoiz pertsona bakarrari ematen. Beti ondoan jendeak egon behar du, ustelkeri handia dagoelako. Errefuxiatu kanpalekura iristen garenean, jende talde bat biltzen dugu bertako zuzendariarekin batera. Zer dakargun eta nola bildu dugun azaltzen diegu lehenik, ondoren euren esku uzteko. Kanpamenduko zuzendariarekin harreman oso ona daukagu, baina hala eta guztiz ere, jende aurrean egitea komeni da. Hara eramateko dirua eskaini izan diguten hemen, Euskal Herrian, baina guk materiala bakarrik eramaten dugu.

Hori bukatuta, beste 12 egunetan, zer egingo duzue Palestinan barrena?

Jeninen bertan, CD bat grabatuko dugu, Mikel Laboaren abesti batekin. Grabaketa lagundu diguten guztiei eskerrak emateko izango da. Donostia 2016ko kamisetak ere eramango ditugu, eta horiekin argazkiak aterako ditugu, bai Jeninen eta baita harresiaren inguruan ere. Oso lanpetuta ibiliko gara.

Jakin dugunez, palestinar pasaportea atera omen duzu. Euskalduna izateaz gain, palestinarra ere bazara, beraz.

Hori martxan jarri nahi dugun kanpaina bat da. Israeli benetan nola mina eman pentsatzen ibili ondoren, ideia hori sortu zitzaigun. Biladiko presidentearekin joan nintzen Madrilgo kontsulatura, eta bertan paperak egin eta orain Ramalan jaso behar dut pasaportea. Bidaia honetan hori egiten ere saiatuko naiz.

Israelen aurkako kanpaina, nola landuko duzue gero?

Pasaporteak bi funtzio izango ditu. Alde batetik, pasaportea bera izatea, eta bestetik, dokumentu hori jasotzerakoan argazkia aterako dugu. Ondoren, aktibista guztiak bultzatu nahi ditugu gauza bera egitera. Pentsa, munduan zehar hiru milioi aktibista Palestinako pasaportearekin. Orain zazpi milioi errefuxiatu palestinar daude, eta hiru gehiagorekin, hamar izango lirateke. Diaspora guk ere osatuko genuke, eta horrek zer esana emango luke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!