Errege eguneko kontzertua emango dute, gaur, Tolosako Musika Bandak eta Udal Txistulari Bandak. Udal musika eskolan izango da emanaldia, 12:30ean. Egitarauan Eguberrietako abestiak eta polkak nabarmenduko dira.
Aurrena, Udal Txistulari Bandaren txanda izango da. Hiru obra eskainiko dituzte guztira bere emanaldian: Ansola anaiak, J. I. Ansorenak konposatutakoa; Mari Celi polka, F. Kortok idatzitakoa; eta Atzerriko Eguberriak, J. I. Ansorenarena hau ere, Alemaniako Eguberri kantetan oinarrituta. Txistulariak zuzentzen, ohi bezala, Iñaki Letamendia ariko da.
Mokoroa eta Strauss
Txistularien jardunaren ondoren, Musika Bandaren txanda izango da. Zortzi pieza joko dituzte, Luis Mari Gartziaren zuzendaritzapean. Hasiera batean, Tolosako ukitua izango du kontzertuak, Eduardo Mokoroaren Errege jaia obrarekin hasiko baitira.
Hortik aurrera, Musika Bandak eta entzuleek ere, Vienara musika bidaia egingo dute. Hiru polka joko dituzte musikariek, hiruak Johann Strauss konpositorearenak: Feuerfest, La Chasse eta Trish Trash. Musikagile berarekin jarraituz, beste lau obra joko dituzte: Perpetuum Mobile, A orillas del Danubio Azul balsa, Bajo truenos y relampagos polka eta Marcha Radetzky. Urteberri egunean Vienako kontzertuan entzuten diren zenbait obra, beraz, gozatu ahalko dute tolosarrek.