«Aurten lehen ehun postuetan sartzea zaila da, baina aukerak ditut»

Imanol Garcia Landa 2012ko urtarrilaren 5a

Gaur aterako da Lara Arruabarrena (Tolosa, 1992) Australia aldera Bartzelonatik. «Nekatuta» iritsiko dela esan du, ostiral iluntzera arte ez baita iritsiko. Datorren astean Australiako Irekiaren aurresailkapena jokatuko du.

Lehenengo aldiz jokatu behar duzu Australiako Irekian?

Bai, lehenengo aldia da aurresailkapena jokatuko dudala. Hiru partida irabazi behar ditut txapelketaren azken koadrora iristeko.

Grand Slam-eko txapelketa batean parte hartzen duzun lehenengo aldia izango da?

Ez, aurreko urtean beste hiru Gran Slam-etan parte hartu nuen, aurresailkapenean. Besteetan ere berdina izaten da, azken koadrora iristeko hiru partida irabazi behar dira.

Lortu zenuen partidarik irabaztea beste txapelketetan?

Ez, hiruetan lehenengo partida galdu nuen.

Zer egin behar da Grand Slam-eko txapelketa batean sartzeko?

WTA sailkapenean lehen 240en artean egon behar zara. Iazkoa Australiako Irekia hasi zenerako ez nengoen horien artean, 390. postuan-edo nengoen. Gero puntuak lortzen joan nintzen eta beste hiruetan parte hartu ahal izan nuen.

Australiara iritsi eta lehen partida heldu aurretik, zertan ariko zara?

Alde batetik, entrenatu egingo dut, eta bestetik, ordu aldaketara ohitu beharko dut. Hamar orduko aldea dago. Klima ere ezberdina da: han bero handiagoa egiten du eta horretara ere ohitu egin behar gara.

Zer suposatzen du zuretzako Australiako Irekian parte hartzea?

Berezia da. Partida guztiak zailak izango dira, edozein dela aurkaria ere. Lehenengo partidan zentratuko gara eta hori irabaziz gero, hurrengoan.

Txapelketa horretan zementu gainean jokatzen da, eta hori ez da zure gustukoena, ezta?

Ez, nahiago dut buztin-lurrekoa, baina zoru guztietara ohitzen joan behar gara.

2011 urtearen nolako balantzea egiten duzu?

Uste dut oso ona izan dela. Nire asmoa sailkapenaren 200. postu inguruan amaitzea zen eta 170.era iristea lortu dut. Abuztuan lortu nuen 200eko maila pasatzea eta gero denboraldia ondo amaitu dut. Jokoaren aldetik ere pozik nago.

Zer emaitza lortu dituzu?

Bi torneo irabazi ditut banaka, Madrilen eta Mallorcan, eta beste bi binaka.

Eta zein izan da lorpenik handiena? Espainiako Txapelketan finalerdietara iritsi zinen, esaterako.

Espainiako Txapelketaren finalera iristea ez da orain garrantzitsuena. WTAren barnean dauden txapelketak garrantzitsuagoak dira. Marbellako txapelketan final laurdenetara iritsi nintzen eta hori izan da WTA sailkapenerako emaitza garrantzitsuena. Txapelketa horretan puntu gehiago lortu nituen eta maila handiagoa zegoen.

Noiz esan daiteke tenislari bat profesionala dela. Zure kasuan, WTA sailkapenean egoteagatik edo lortutako diru sariengatik?

Hainbat modu daude hori neurtzeko. Nik uste dut profesionalak zirkuituan gauden guztiak garela. Tenislari bakoitza maila ezberdinean, baina denak gara profesionalak.

Hamabost urterekin joan zinen Tolosatik Bartzelonara, San Cugateko errendimendu altuko zentrora. Zer moduz lau urte eta erdi hauek?

Azkar pasatu dira. Gogorra izan da, baina banekien hona etortzeak hori suposatzen zuela. Hemen ditudan lagunak ere hamabost urte ingururekin etorri ziren hona.

Noiz arte egongo zara bertan?

Abuztura arte hemen egongo naiz. Gero ez dakit federazioak beka luzatu edo kendu egingo didan.

Tolosarekin lotura mantentzea ez da erraza izango.

Azkenean pixka bat galdu egiten da, baina saiatzen naiz lagunekin hitz egiten eta Tolosara joaten naizenean beraiekin egoten saiatzen naiz.

Orain, gainera, asko bidaiatu beharko duzu, txapelketa batetik bestera.

Australia eta gero beste bira bat egingo dut, lau astetakoa. Kolonbiara, Calira eta Bogotara; eta Mexikora, Monterrey eta Acapulcora, joango naiz.

Eta nola eramaten da bidaiatzearen kontu hori?

Gustatu behar zaizu, gogorra delako batetik bestera ibiltzea. Niri, behintzat,  gustatzen zait.

Turismo egiteko aukera handirik ez duzu izango, ezta?

Batzuetan bai, baina oso gutxitan. Buru belarri txapelketan egon behar zara.

Zer asmo duzu aurtengorako?

WTAko lehen ehun postuetan sartzea nahiko nuke. Hori da helburu nagusia. Zaila da, baina helburua lortzeko aukerekin ikusten naiz eta saiatuko naiz.

Tenisean psikologikoki indartsua izatea  zenbateraino da garrantzitsua?

Psikologikoki eta fisikoki indartsua izan behar zara, eta alde psikologikoa oso garrantzitsua da. Batzuetan partidak azkar bukatzen dira, baina besteetan hiru ordu iraun dezakete, eta hori eusten jakin behar da.

Sailkapeneko lehen 100 postuetan sartzeaz gain, txapelketaren bat baduzu begiz jota?

Ez dut asmo zehatzik txapelketei dagokionez. Batzuetan txapelketa jakin bat irabazi nahi duzu, baina aste horretan ez bazara ondo sentitzen... Zaila da horrelako aurreikuspenak egitea.

Profesional mailan aritzeak, jokoan aldaketa suposatuko du, ezta?

Zure jokoa hobetu behar duzu, bestela ezin duzu handien kontra ondo jokatu, oso erraz galtzen duzu. Jokoaren alde guztiak hobetu beharra daude.

Tenisean ohikoa izaten da oso gaztea izan arren, goi mailan egotea.

Nik uste dut hori lehen gehiago gertatzen zela. Orain ez daude jokalari asko hemeretzi urterekin hor goian sartzen direnak. Batzuk badaude, baina gutxi dira. Orain nik uste dut heldutasun handiagoa behar izaten dela maila horietara iristeko.

Bestalde, ez da ohikoena urte askotan goi mailan egotea.

32 urterekin dagoeneko mugan zaudela esan daiteke. Kirol askotan gertatzen da hori.

Antonio Castella da zure entrenatzailea hasieratik.

Bartzelona etorri nintzenean federazioak jarri zidan entrenatzailea. Niri gustatu zitzaidan eta berarekin jarraitzen dut. Gustura nago berarekin.

Tenisa bezalako kiroletan, bakarka aritzen zarela, entrenatzailearen papera garrantzitsua izango da, ezta?

Garrantzitsua da, bai hobetzen laguntzeko, bai momentu txarrak pasatzen dituzunean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!