Errege Magoen desfilearekin batera, jaiotza lehiaketa antolatzen dute San Bernardo, Ttenttek, Kazkabarra eta Kirikiño aisialdi taldeek. Izen ematea irekita egon da kultur etxean abenduaren 30a arte, baina oraindik aukera badago lehiaketan parte hartzeko. Horretarako, bihar 18:30ak baino lehen Plaza Zaharrean egon behar dute eta parte hartu nahi dutela adierazi antolatzaileei. Dagoeneko izena eman dutenek ere, ordu horretarako egon behar dute leku berean.
Izan ere, lehiaketan parte hartzen duten jaiotza guztiek, derrigorrezkoa dute Errege Magoen desfilean izatea. Horrez gain, desfilea amaitu ondoren eta sari banaketa burutu arte, jaiotzak Zerkausian erakutsiko dituzte parte hartzaileek.
Lehiaketako parte hartzaile guztientzat izango dira opariak eta horrez gain, hiru sari banatuko dituzte. Lehenengo saria eskuratzen dutenek, 40 euroko erosketa txartela jasoko du taldeko partaide bakoitzak. Bigarrengo sariari dagokionez, 30 euroko erosketa txartela eskuratuko du taldeko partaide bakoitzak, eta hirugarrengo saria jasotzen dutenek, berriz, taldeko partaide bakoitzarentzat 20 euroko erosketa txartela izango da. Txartel horiek Tolosa&Co dendarien elkartearen dendetan erosteko erabili ahalko dira.
Sari banaketa Zerkausian burutuko da, Errege Magoak bertan dauden bitartean. Epaimahaikideek jaiotza egiteko eskulanaren trebetasuna, orijinaltasuna, abilezia… kontutan izango dituzte. Antolatzaileek azaldu dutenez, lehiaketan parte hartzeak bertako oinarrietan zehaztuta dagoena onartzea suposatzen du.