Euskarazko webguneak diruz lagunduko ditu udalak

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko urtarrilaren 4a

Tolosako Udalaren diru laguntza jaso ahal izango dute aurrerantzean, webguneetan edukiak euskaraz eskaintzen dituzten erakundeek, eduki horiek «betiere publiko zabalari interesgarri gertatzen zaizkion neurrian».

Helburu nagusia euskara informazio teknologien munduan hedatzea da, eta «euskararentzat hain garrantzitsua den erabilera esparru honetan» bertako hizkuntzak leku oparoa izatea nahi du udalak; erakunde eskatzaileei gastuak murrizten saiatuko dira bide honetan.

Tolosako erakundeei begira

Diru laguntzan eskatzeko zenbait baldintza bete beharko dituzte erakundeek; egoitza sozial eta fiskala Tolosan izatea da nabarmenena. Era berean, erakundeen web orriak eduki oso-osoa euskaraz eskaini beharko du, eta hau izango da webgunean sartzerakoan lehenetsitako hizkuntza, itzulpenen aurretik.

Bide beretik, berebiziko garrantzia izango du hizkuntzaren zuzentasunak eta kalitateak, eta baita web ataria modu egokian elikatzeak ere: bisita kopurua, erabilgarritasuna eta eguneratzea kontuan izango dituzte.Gainera, eskaera egiterako webgunea egina izan beharko dute erakundeek.

Eskaera inprimakia beteta helarazi beharko dute erakunde eskatzaileek Tolosako Udaleko Euskara eta Hezkuntza batzordera, gastuen jatorrizko ziurtagiri edo kopia konpultsatuarekin, eta diruz lagundutako jardueren agiriarekin batera, martxoaren 15a baino lehen.

Erabakitzeko irizpideak

Besteak beste, lau ildori jarraituko die balorazio batzordeak, diru laguntzen inguruko erabakia hartzerakoan. Gunearen edukiak etengabe berritzeko jarritako bitartekoak garrantzitsuak izango dira, forma, diseinua eta erabilerraztasunarekin batera; ezintasunak dituztenentzat webgune aproposa izatea ere kontuan hartuko dute. Azkenik, software askea erabiltzea ere irizpideetako bat izango da.

Euskarazko webguneentzako diru laguntzen inguruko erabakia balorazio batzordeak hartuko du; udaleko informatika zerbitzuko teknikariak, udaleko IKHA zerbitzuko teknikariak eta udaleko Euskara eta Hezkuntza batzordeko kideek osatuko dute batzordea. Eurek erabakitakoa Gobernu Batzarrak hobetsi beharko du, ebazpena behin betikoa izan dadin.

2.000 euroko laguntzak

Tolosako Udalak 2.000 euro bideratuko ditu euskarazko webguneeak dituzten erakundeak diruz laguntzeko.

Eskatzaile bakoitzak, webgunea euskaraz egiteak izan duen kostuaren %50a jasoko du; diru laguntzak ez du sekula 400 euroko kopurua gaindituko hala ere. Era berean, web orriagatik jasotako diru kopuruak, erakundeak jasotako bestelako diru laguntzekin batera, ezin izango du inola ere, egindako inbertsioa gainditu.

Tolosako Udalak martxoaren 25etik hasita, bi hilabeteko epea hartuko du eskaerak aztertu eta ebazpena erabakitzeko. Ebazpenik ematen ez badute, eskatutakoa ukatu dutelako izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!