Xabi Alonso, Edurne Pasaban, Joseba Rojo... Tolosako urteko kirolarien zerrendak badu izen berri bat. Eta ez nolanahikoa gainera. Gaztea izanagatik ere, ondo jakin baitu Unai Arroyok (Tolosa, 1993) bere tokia egiten onenen irteera puntuan. 2011 urteko kirolari izendatu dute Tolosako kirol talde, eragile eta komunikabideek. Besteak beste, Europako Cross-Country Junior Txapelketan aritu izanak bihurtu du berezi amai- tzera goazen urtea. Egutegia aldatu aurretik bere ibilbidearen errepasoa egin du HITZArekin.
Nork piztu zizun atletismoaren harra?
LHko 5. mailan, Juanjo Arrieta soinketa irakasleak bultzatu ninduen probatzera, lasterketetan ondo ikusten ninduelako. Kasu egin eta futbolean jokatzeaz gain, atletismoan ere hasi nintzen. Gerora, konturatu nintzen gehiago gustatzen zitzaidala korri egitea futbolean aritzea baino.
Modalitate ugaritan aritu zara.
Bai, abiaduraz gain, iraupen-erdiko lasterketak (800 m eta 1.500 m artekoak) eta iraupen-lasterketak (5.000 edo 10.000 m-koak) egin izan ditut. Iaz erabaki genuen azken hauetan bakarrik aritzea, iraupen-lasterketetarako entrenatzen hasi nintzenean, gehiago kostatzen zitzaidalako iraupen-erdikoetan txukun aritzea.
Hasieran, espero al zenuen onenen artean aritzea?
Ez. Gainera, adin horretan Gipuzkoako gutxienekoa egitea kristorena iruditzen zaizu. Hobby modura hasi nintzen honetan, eta oraindik ere horrela da, ia egunero entrenatzen dudan arren.
Industria ingeniaritza ikasteak uzten al dizu kirolerako denborarik?
Oraingoz bai. Astean hiru egunez 6-8 ordu pasatzen ditugu klasean. Baina, beste bietan klase-ordu gutxi izaten ditugu.
Astegunetan Bilbon bizita, han ere entrenatuko duzu... Zorrotzako pistara joaten naiz astean zehar. Tolosan nagoenetan, aldiz, Berazubira.
Ikasle pisua, Bilbo... Parranda asko sakrifikatzen al dituzu?
Larunbat gauetan aterako nintzateke. Baina, igandetan entrenamendua dudanez, ezin. Ez zait gehiegi inporta. Izango dut parrandarako denborarik.
Dieta berezirik egiten al duzu?
Oraingoz ez. Beti begiratzen dut pixka bat zer jaten dudan, baina ez gehiegi.
Beraz, egun hauetan egingo duzu tripa-festaren bat...
Bai. Entrenamenduetan erretzen dira horiek guztiak.
Zein fase ditu atleta baten urteak?
Irailean hasten da gure denboraldia. Pixkanaka hasi eta urtarrilera arte entrenamendu kopuru handia izaten dugu. Urtarriletik martxora, entrenamendu gutxiago baina azkarragoak egiten ditugu. Pista estaliko eta kroseko Espainiako txapelketetan aritzen gara. Horien ostean, atsedenalditxo bat hartu eta entrenamendu motzak egiten ditugu. Uztailean, aire zabalean aritzen gara entrenatzen.
Beraz, aste hauetan entrenamendu ugari egiten ari zara, ezta?
Astean 7-8 saio egiten ditugu: astearte eta larunbatetan bina saio, eta ostegunetan jai.
Denboraldi hasieran jarri al zenion helbururik zeure buruari?
Bai, Europako Cross-Country Junior Txapelketarako sailkatzea eta pista estalian marka jakin batzuk lortzea. 2012an munduko txapelketa dago eta saiatuko gara aire zabaleko 10.000 m-ko proban gutxieneko denbora egiten.
Zaila izango zen Europarako sailkatzea.
Bai. Iaz nahiko txukun ibili nintzen kros sailkagarrietan, eta konturatu ginen bagenituela aukerak. Aurten bi kros sailkagarri egin dira: Atapuercan eta Sorian. Gutxi gorabehera, lasterketa horietako sailkapen orokorreko lehen sei korrikalariak eramaten dituzte Europara. Zortea izan nuen.
30. eta 40. postuen artean sailkatzeko helburuarekin joan arren, 56. geratu zara. Hala ere, esperientzia positiboa izango zen, ezta?
Bigarren urtez han zeudenek esan zidaten lehen urtea ez dela ona izaten, nabaritu egiten dela esperientzia falta. Datorren urtean askoz hobeto aterako zaigu.
Turismoa ere egingo zenuten Eslovenia aldetik...
Ez, herri txiki batean egon ginen eta ez zegoen ikusteko askorik. Gainera, dendak arratsaldeko bostetan-edo ixten dituzte.
Badugu zereginik Afrikako korrikalarien aurka?
Txikitatik bideratzen dituzte, askok zerbait jan ahal izateko egiten dute korri... Hala ere, zenbaitetan ikusi ditugu atleta ez afrikarrak aurretik.
Zenbateko garrantzia du Ivan Gallego entrenatzaileak zure kirol ibilbidean?
Berak antolatzen dizkit entrenamendu guztiak. Lortzen dugun ia guztia berari esker da.
Eta Tolosa CF-k?
Behar dugun guztia ematen digu: Bidaiak, ekipazioa..
Berazubiko lanak noiz hasiko zain izango zara.
Urtero esaten dute hasiko direla... 50 urteko gizonak harrituta geratzen dira dena 5 urte zituztenean bezala aurkitzen dutelako.
Atletismoak badu indarrik Tolosan?
Gero eta haur gehiago apuntatzen da, baina, heldu gutxi dago. Hala ere, San Silvestre krosean, esaterako, gero eta jende gehiagok hartzen du parte. Nik ere San Silvestreko krosean parte hartzeko asmoa dut, baina aurretik badut beste lasterketa bat, eta ikusiko dut.
Zure izena Xabi Alonso eta Edurne Pasaban bezalakoen parean azalduko da Usabal kiroldegiko sarreran.
Salto handia dago gure eta beraien mailaren artean. Jendea falta zen tarteko mailak betetzeko. Ilusio handia egin dit sariak. Ez nuen espero.
SOSLAIA
Urduritasuna motorra
Adi, prest, ia! Pistan bezain azkarra da Unai Arroyo bizitzako arlo guztietan. Bikain uztartzen ditu entrenamenduak eta Bilbon ikasten duen industria ingeniaritza. Mutil langilea, bere egin ditu kiroletan hainbeste baloratzen diren esfortzua, diziplina eta umiltasuna. Ez zaio gauzak atzeratuta uztea gustatzen, ezta korrikalariak atzean uztea ere: «Europako txapelketan harrigarria da ikustea erritmoa pixka bat jaistean zenbatek aurreratzen zaituzten». Urduria zinez, entrenamenduak baliatzen ditu soberan dituen kirioak deskargatzeko. Kirola baitu zaletasun. Bestalde, nerbioak bere alde erabiltzen ere badaki, erronka berriei aurre egin eta oztopoak gainditzeko, nahiz eta azken aldian ez duen oztopo lasterketarik egin: «Hesi batekin estropezu egin, erori eta lesionatu nintzenetik ez dut oztopo lasterketarik egin. Agian, laster hasi beharko dut berriz». Gauzak pixkanaka eta ekinaren ekinez lortzeak oinak lurrean izaten lagundu dio. Heldutasuna nabari zaio etorkizunaz hitz egitean. Ez baitio bere buruari lortu ezinezko erronkarik jartzen. Egiten duenarekin disfrutatzea du helburu: «Egutegiak utziko balit, ilusioa egingo lidake 2012ko Behobia-Donostia korritzea».