Duela hiru urte sortutako Tolosa Kantari ekimeneko kideek, DVD berria kaleratuko dute. Bonberenea Ekintzak zigiluarekin, bihar aurkeztuko dute, 11:30ean Tontokalen, hamabi kantu eta erreportajea biltzen dituen lana.
2008 inguruan, euskaraz eta kalean abesteko helburuz sortu zuten TolosaKantari. Orduz geroztik, hilabeteko azken larunbatero irteten dira kalera, urte garai bakoitzera egokiturako errepertorioa osatuz. Kantu jirako kidea den Irati Hartsuagak azaldu duenez, Tolosatik kanpora abestera joaten hasi ziren pixkanaka, eta irteera hauetan kantu jirako parte hartzaileek argazki kamerak eramaten zituztela dio: «Batzuek grabatu ere egiten zituzten abestiak, eta konturatu ginen, irudiak pilatzen ari zitzaizkigula. Orduan bururatu zitzaigun DVD bat osatzearen ideia». Hasiera batean, ezagun batzuek grabaketa egiteko prestutasuna azaldu zieten. Baina Hartsuagak dioenez, «zerbait serioagoa behar zela ikusi genuen, bestela, gure gisara, ezin izango genukeen material hori guztia muntatzen asmatu».
Bonberenearekin elkarlanean
Kantu jirako irudiak grabatzearen ideia proposatu zieten TolosaKantariko kideek, Bonbereneakoei: «Lehenago ere, bagenuen harremana Bonbereneakoekin, txaranga behin baino gehiagotan atera izan baita gurekin kalez kale. Bagenekien halako lanak eta grabaketak egindakoak zirela, eta proposamena luzatu genien», dio Irati Hartsuagak.
Horrela beraz, pasa den azaroaren 26ko kantu jiran hartu zituzten irudi guztiak, Tolosan bertan.
Hamabi doinuren bueltan
«Hasieran, gehien kantatzen genituen abestiak, edo jendeak gustokoen dituenak grabatzea» pentsatu zutela azaldu du Irati Hartsuagak, Tolosa Kantariko kideak. Azkenean, ordea, grabaketa egun bakarrean egin zutenez, larunbat hartako saioan abestutako kantuak sartu dituzte DVDan. Besteak beste, Xabier Lete, Mikel Laboa, Benito Lertxundi eta Iparragirreren kantuak entzungai eta ikusgai izango dira, tolosarren ahotsetan.
Horrez gain, Tolosa Kantariren inguruko erreportaje txiki batek osatuko du DVDa.
Hamaika kultura kantuan
Hilabeteroko azken larunbatean izaten da Tolosako kantu jira, eta abenduko saioa Urtezahar egunean izango da, beraz.
Egun berezia izango da, urteko azken eguna izateaz gain, DVDaren aurkezpena ere egingo baitute. Honez guztiaz gain, ordea, gonbidatu bereziak izango dituzte Tolosa Kantariko kideek: etorkin talde bat etorriko da, Tolosako kantu jiran parte hartzera. Besteak beste, marokoarrak, pakistandarrak, brasildarrak edo argentinarrak ariko dira euskal kantuak abesten.
Irati Hartsuagak azaldu du, Gipuzkoa osoko etorkinekin lanean aritzen den elkarte baten bidez sortu dela harremana. Elkarte honetako arduradunetako bat, emakume alemaniarra da; etorkina beraz.
«Bera Alemaniatik etorri zenean, euskara ikasteko lekuak bazirela ikusi zuen. Baina berak, atzerritar bezala, premia zehatz batzuk sentitu zituela dio. Garai hartan bizi izandakotik abiatuta, hemen bizitzeko beharrezkoak diren gauzak erakusten dizkie etorkinei», Hartsuagaren arabera.
Etorkinek hizkuntzari dagozkion zailtasunak gainditzen dituztenean, elkarte honek atzerritarrei Espainiara ez direla etorri erakusten diete, Hartsuagak nabarmendu duenez; Euskal Herrira etorri direla, baizik: «Euskal kultura erakusten diete hizkuntzaz gain, eta hemen beste zerbait badela».
Euskal ohiturak ezagutu eta bertan integratzeko saiakera, Urretxun ospatu zuten kantu jira erraldoian hasi zen. Etorkinen taldetxo bat elkartzen hasi zen, entseguak egiteko, eta Tolosa Kantariko kideekin harremanetan jarri ziren, hona kantura etorri nahi zutela adieraziz.
Bihar, beraz, 11:30ean DVDaren aurkezpena izango da Tontokalen, eta gero, 12:00etan hasiko da urteko azken kantu jira, beti bezala.