Erne Ertzaintzaren sindikatuko kideek elkarretaratzea egin dute eguerdian Tolosako komisariaren aurrealdea, eraikinak duen berokuntza sistemaren gabezia salatzeko. Sindikatutik adierazi dutenez, "berokuntza sistemarik ez izatearen ondorioz, Ertzaintzaren egoitzaren barrualdeko tenperatura askotan 5 gradura iristen da, bai agenteen zonaldean, bai eta erabilera orokorreko guneetan ere".
"Ertzaintza izozturik geratzen da" zioen kartelaren atzealdean egin dute aldarrikapena ertzainen sindikatuko kideek. Hauek azaldu dutenaren arabera, "urteetan pairatzen ari diren arazoa da Tolosako egoitzaren tenperaturarena". Era berean, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailean egoeraren salaketa egin dutela hainbatetan esan dute, "baina ez dute kasurik egin".
Komisariaren kanpoaldean elkarretaratzea egin ostean, Olentzeroz mozorrotutako agente bat sartu da komisarian 'opariekin'. Hainbat berogailu utzi ditu eraikinaren sarreran. Sindikatuak berak eman ditu berogailu horiek, krisia ertzainengana ere iritsi dela salatuz.