Juanfe Garces: Telebista errealizadorea
Juanfe Garces (Tolosa, 1972) errealizadore bezala ari da lanean azken urteotan ETBrako, nahiz eta beste hainbat saltsatan ere badabilen. Madrilen egin zituen ikasketak eta kamera eta errealizadore laguntzaile gisa hasi zen Telemadrid telebista katean. Telebistan era askotako programak egin ondoren,‘Euskararen jatorria’ dokumentalean errealizadore gisa aritu da Madrilen ikasi zuen tolosarra; Bernardo Atxagari buruz ere egin du beste lan bat.
Zure aita kamera batekin ezagutu genuen Inauterietan. Hortik al datorkizu zaletasuna?
Agian bai. Zaletasun handia zuen eta txikitan askotan hartzen gintuen bere super 8 kamerarekin etxean edo mendi irteeretan. Artisau eran muntatzen zituen pelikulak. Lehen praktikak bere kamerarekin egin nituen, noski. Laskorain ikastolan batxiler ikasketak bukatu eta ez nuen garbi zer egin. Lagun baten bidez proba bezala hasi nintzen mundu honetan Madrilera joanda 19 urterekin. Gazte zarenean ez dakizu zertan egingo duzun lan.
Zein izan ziren zure ikasketak?
Komunikazio eta informazio munduko arlo guztiak ikasi ni- tuen: kamera, errealizadore, zuzendari... gai bakoitzean espezializatutako irakasleekin. Baina gehiena praktikan ikasi dut. Berehala hasi nintzen Telemadrid katean praktiketan eta hiruzpalau urtetan ikasketak eta praktikak batera egin nituen.
Nola sartu zinen lan munduan?
Astebeteko praktikekin hasi, luzatu bi edo hiru hilabetera eta horrela, pixkanaka. Lehen programa jende helduak lehen mailako ikasketa titulua ateratzeko zen.
Zein lan mota egin zenuen han?
Hamalau bat urtetan era askotako programak egin nituen: lehen aipatutakoa, testigantzak, elkarrizketak,informatiboak, erretransmisioak, barietateak, musika, kultura, homosexualentzako programa, sukaldaritza... Telemadrid katean kamera bezala hasi eta gero errealizadore laguntzaile bezala aritu nintzen. Oso giro ona genuen gure artean. Film labur batzuk ere egin genituen, TVEn bota eta saritu zituztenak. Sei bat urte horrela egin ondoren Telemadrid katearekin harremana zuten kanal tematikoetan aritu nintzen Multipark ekoizpen etxearekin: Canal Ella, Cosmopolitan, Canal Cocina... Formatu txikiagoan, baina errealizadore gisa jada, ardura handiagoarekin aritu nintzen.
Zertan datza desberdintasuna?
Alde teknikoaren arduradun nagusia zara. Edukiaz zuzendaria arduratzen da. Adibidez, Cibeles pasarela emateko 6 kamera daude, zuzenekoa bada enlazea behar da, unidate mugikorra, errealizazio kamioia, kamera bakoitzaren planoak pentsatu behar dira, zuk esandako kamera pintxatzen duena dago, audioa ematen duena, kamerak kontrolatzen dituena, kontrol remotoa, teknikariak, kableak botatzen dituztenak; antzoki barruan atrezzoa dago, makillajea, jantziteria... Ekipo handia da eta dena koordinatu behar da.
Zein izan da muntaiarik handiena?
Telemadrid kateko zuzeneko barietate programa bat: 8-9 kamera, gruarekin, elkarrizketak zeuden, musika aktuazioak, esketxak grabatu, publikoa dago, plato handia... Hori izan zen zailenetakoa teknikoki. Programa bakoitzak bere mekanika dauka.
Eta nola sortu zitzaizun Euskal Herrira itzultzeko aukera?
ETBra etortzea eskaini zidan Bocaboca produktorak, serie asko egiten dituen ekoizpen etxe indartsua. Madrilen oso gustura nengoen, lagunekin eta lanarekin, baina itzultzeko gogoa nuen. Elkarrizketetan zuzendari lana zela esan zidaten. Ez zen nik ikasitakoa eta nik nekiena, eta hala adierazi nien. Formatua ikusteko esan zidaten. BBCtik erositako lehiaketa bat zen, formatu erraza. Ez nuen argi ikusten. Lagunekin kontsultatu nuen eta probatzeko esan zidaten. Ekoizpen etxearen laguntza handia izan nuen, baina programak ez zuen asko iraun. Aldi berean, Lasarteko Digitalak produktorarekin harremanetan jarri nintzen eta zazpi urte daramatzat hor.
Zein lan egin duzu ETBn?
Denetik. Oso ondo etorri zait Madrilgo esperientzia. Txirri, Mirri ta Txiribiton pailazoen Trikitraka trikitron programan nago adibidez, errealizadore bezala. Beste batzuetan zuzendariaren edo edi- torearen lana ere hartu dut, muntaia egiten duena. Digitalak-en oso gustura nago, oso lan desberdinak egiten ditudalako. Azken lanak dokumentalak izan dira, baina aurretik iragarki asko, bideo klase asko... Jendea ezagutzeko aukera ematen dizu eta hori zoragarria da, oso aberasgarria.
Eta zein dokumental egin duzu?
Orain dela hiru urte Sukalde maisuak izeneko bost dokumental egin nituen telebistarako, errealizadore gisa: Aduriz, Arzak, Arbelaitz, Subijana eta Berasategi. Bere garaian TVEk erosi eta bota zituen. Asko gustatu zen produktua izan zen. Atzerrian ere saldu da. Sukaldaritzarekin lotuta, Internetera zuzendutako bideo batzuk ere egin genituen Repsol gidarako. Sei hilabeteko lana izan zen. Beraiekin jan, dena azaldu... Aukera hori nork dauka? Asko baloratzen dut hori. Pribilegiatua sentitzen naiz. Unai Basurkoren dokumentalean ere kolaboratu dut, munduari buelta belauntzian agertzen duena.
Bernardo Atxagari buruzko dokumentala egin omen duzu.
Bai, oraindik estreinatu gabea. Pertsonalki oso aberasgarria izan da. ETBtik etorri da proposamena. Berarekin hitz egiten hasi Zalduondoko bere etxean eta konturatu nintzen asko betetzen zuela: hizkera oso ona, etorria, memoria handia, denak dauka bere ipuina, istorioa... Oso sentsiblea da. Lan pertsonala eta polita izan da.
Beti gauza berriak asmatzen egon behar duzu.
Birziklatu behar zara etengabe, batez ere, arlo teknikoan. Dena dakien megaerrealizadore sentitzen bazara ezin duzu aurrera egin, gauzak aldatzen ari direlako etengabe. Adibidez, Bernardo Atxagaren kasuan argazki kamera erabili dut, eta horrek beste aukera batzuk ematen dizkizu; beste irudi bat du, askoz zinematografikoagoa, eta segurtasun handiagoa ematen du. Gustatu behar zaizu eta kezka izan. Internet foroetan asko aritzen naiz, informazio izugarria dagoelako bertan. Dena dakizula uste baduzu galduta zaude. ‘Euskararen jatorria’ dokumentalerako nola sortu zen aukera?
Hasier Etxeberria zuzendaria Sukalde maisuak dokumentaletan ezagutu nuen. Duela 14 urte zuen proiektua idatzia eta orain sortu da egiteko aukera. Zuzendaria produktorarekin harremanetan jarri zen eta produktora nirekin. Lan interesgarria izan da.
Nola izan da grabazioa?
15 elkarrizketa dira, batzuk, alde zientifikotik eta beste batzuk, esoterikotik. Adituek hala deitzen diete, baina niri ez zait gustatzen, errespetua merezi dutela iruditzen zait. Zailtasuna produkzio aldetik izan da, bidaia asko egin behar izan ditugulako euskarari buruzko adituekin egoteko: Hawai, Massachusetts,Paris,Marsella, Kantabria, Madril... Formatu aldetik eta errealizazio aldetik, gai honi irudia jartzea zaila da, zerbait poetikoagoa egin behar duzu. Nik egin nituen audio eta argiztapen lanak.
Nolako irudiak bilatu dituzu?
Elkarrizketatuez gain, egon garen tokietako irudiak, toponimia agertzen den lekuak, aurpegiak... Irudi horietan argiztatzaileak egiten duena magikoa da, nahi duzun giroa ematen diolako. Eta gero, edizio lanetan, musikari garrantzi handia ematen diot.
Zergatik?
Ikusleari pentsatzen utzi behar diozu, ikusten ari denaz konturatzeko. Eta horretarako musikak izugarrizko garrantzia dauka. Obsesioa daukat. Anaia musikariaren [Txema] eragina izango dut agian. Balenziaga museoarentzat egin ditudan dokumentalek irudia eta musika dute bakarrik. Klima batean sartzen zaitu musikak. Doinu asko entzuten ditut aukeratzeko. Hori ere nire lana da. Horrek ematen dio gorputza dokumentalari, edizio estilo berezia. Momentuan agian ez zara konturatzen zer ari den entzuten, baina garrantzitsua da.
Zertan zabiltza gustuen?
Dokumentalak egiten. Kultur programak egiten ere oso eroso ibili nintzen Madrilen. Pailazoen programan ere gustura ari naiz.
Tolosan zerbait egiteko asmorik ba al duzu?
Inauteriei buruzko dokumentala egitea gustatuko litzaidake aitaren materiala aprobetxatuz. Aita hil zenean bururatu zitzaidan egitea, berari eskaintzeko, baina ez dakit noiz izango dudan horretarako aukera.
Aurrera begira zer duzu?
Getariako Balenziaga museoarentzat bideo batzuk egiten ari naiz. Hurrengo urterako proiektu berriak ere badaude produktoran, baina ez dago ezer finkorik oraindik. Dokumentalak egiten jarraitzeko irrikitan nago.