Hasieratik lurperatzearen aurka dagoela esan du ezker abertzaleak

Imanol Garcia Landa 2011ko abenduaren 27a

Tolosako ezker abertzaleak Larramendi auzoko lurperatzearen aurka hasieratik dagoela esan du. Agerraldia egin zuten mahai politikoko kideek, eta «azkenaldian lurperatzeari buruz azaldu diren informazioen harira, lehendik ere emana dugun iritzia berrestea» izan zen beraien asmoa, bozeramaile lanetan aritu zen Antton Izagirrek esan zuenez.

[/caption]

Ildo horretatik, «goitik behera gezurtatu» zuten lurperatzearen alde dauden auzotarrek esandakoa, hau da, ezker abertzaleak orain arte ez duela lurperatzearen aurkako jarrerarik izan, eta orain udal gestioan ari denean, jarrera aldaketa egin duela. «Hasieratik mantendu dugu lurperatzearen aurkako jarrera, eta egindako helegiteetan hala jasotzen da. Guk uste dugu irtenbide hori desegokia dela auzoarentzat, urbanizazioarentzat eta Tolosako herriarentzat».

Ezker abertzaleak «garbi» utzi nahi izan zuen kontrako jarrera mantentzeko «irizpide teknikoak bakarrik» erabiltzen dituztela. Hala, Aitor Iztuetak zenbait txosten teknikoren berri eman zuen, proiektuaren espedientean azaltzen zirenak:  Tolosako Plan Orokorra idazten ari zen talde teknikoak 2006ko urtarrilean egindakoa; udaleko arkitektoak 2006ko otsailean egindakoa; Gipuzkoako Foru Aldundiko arkitektoak 2006ko abuztuan egindakoa; eta udaltzaingoak 2006ko otsailean idatzitakoa. Guztiek lurperatzearen aurkakoa direla nabarmendu zuen.

Txosten horien berri izan ondoren, beste tekniko batzuei ere kontsulta egin zitzaiela azaldu zuen Iztuetak: «Galdetutako guztiek erantzun berdina eman dute: irtenbide txarra dela lurperatzea». Txosten horiek kontuan hartuta, beraien eskakizunaren puntu batean lurperatzearen aurka azaldu zirela berretsi zuten: «Inpugnazioan hamar arrazoi jartzen genituen, baina lehenengo puntuarekin auzitegiak arrazoi eman zigun eta ez zen hasi gainontzekoak aztertzen».

Izagirrek gaineratu zuenez, «lurperatzea ez egitearen alternatiba hobeagoa bada, are hobeagoa da, obra hori ez egiteagatik hor inbertitu beharko litzatekeen kopurua, 2,5 milioi euro, auzoarentzat ekipamenduak hobetzen erabiliko litzatekeela jakitea».

 

Auzi bideak kentzeko asmoa

Ezker abertzaleak, bestalde,  udal gobernua animatu zuen «bi proiektuen arteko alderatzea egiten» jarrai dezan. «Informazioa bideratzea ezinbestekoa da, auzotarrek garbi izan behar dituzte bi proiektuen onurak eta kalteak». Herritarrak ere animatu zituzten prozesu horretan parte hartzera. «Iruditzen zaigu modu sosegatuan, modu lasaian egin behar dela, tentsionamendutik ihes eginaz, lehengo eta oraingo auzotarrena arteko enfrentamendurik sortu gabe. Auzo elkarte bakar batek jokatuko lukeen moduan eztabaidatuz», gaineratu zuten.

Horrez gain, udal gobernua animatu zuen ere «azken erabakia demokrazia zuzenaren esku utzi dezan, eta muturreraino eraman dezan erreferenduma egiteko asmoa».

Beste alderdi politikoei eta herritar eragileei «eztabaida demokratiko horretan parte aktiboa izan daitezen» dei egin zietena. Ezker abertzaleak ere konpromisoa hartu zuen horretan lan egingo duela, eta auzi bidean jarri duen prozesua kendu egingo duela, «benetan demokrazia zuzenaren bidetik auzotarrek erabakia hartzeko konpromisoa hartzen duten eta errespetatzen zaien neurrian».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!