«Herritarrek ez dute musika kulturarik»

tolosa 2011ko abe. 22a, 11:35

Nekez irudika daiteke kontzertu batean urduri Tolosako Musika Bandan mende erdi daraman norbait. Are gutxiago Luis Mari Gartzia Artetxe zuzendariaz ari bagara (Villabona,1947). Hala ere, azken emanaldietan, ohiko sabeleko inurriez gain «pena eta zirrara bereziak» sentitzen hasi dela aitortzen du. Izan ere, ate-joka du erretiroa. Otsailean hartuko du azken aldiz bandaren batuta, Inauteri aurreko kontzertuan. Atzera begiratzean «nostalgia» sentitzen duen arren, erretiroa orain arte egin izan ezin dituen gauzak egiteko aprobetxatuko du. Esaterako, nahi adina kontzertu ikusi ahal izateko.

14 urterekin sartu zinen arren, orduan ere maila altua beharko zen Tolosako Musika Bandan jotzeko...

Duela 50 urte errazagoa zen bandan sartzea. Gazte gutxiagok ikasten zuten musika. 9 urterekin hasi nintzen solfeoa ikasten Ignazio Mokoroa eta Salustiano Bazarekin. Beraiek eskolak ematen zizkiguten eta guk, trukean, parrokiko elizkizun guztietan kantatu behar izaten genuen. Ondoren, kontserbatorioan klarinete karrera egin nuen.

Pasa al zitzaizun burutik zuzendari izatea?

Ez. Klarinete jolea besterik ez nintzen, 1982. urtean inguruan zuzendariorde izendatu ninduten arte. Handik urtebetera, Bona zuzendaria hil eta behin-behineko zuzendari izatera pasa nintzen gaur arte.

Aldaketa handia izan al zen musikari izatetik zuzendari izatera pasatzea?

Bai. Gainera, nik ez nekien zuzentzen. Garai hartan kontserbatorioan zuzendari ikasketarik ez zegoenez, abesbatzen federazioaren ikastaro batzuetan izena eman nuen. Abesbatzako zuzendari izateko ikastaroak ziren, baina, lagungarri izan zitzaizkidan. Gero, kanpora atera nintzen orkestra zuzendari ikastaroak egitera.

Zuzendu zenuen lehen emanaldian urduri izango zinen...

Oso urduri. Pentsa, lehen emanaldia zer, eta San Joan kontzertua izan zen. Ezagun batzuek aipatu zidaten oso urduri nabaritu nindutela. Egongo ez nintzen ba?

Asko aldatu al da musikari kopurua?

Garai hartan 30-35 bat izango ziren. Gaur egun 50 inguru. Besteak beste, hari-instrumentu gehiago ditugu orain.

Erabat osatuta dago?

Tronpa eta tuba gehiago izan nahiko genituzke. Ez dago instrumentu horiek ikasten dituen gazte askorik.

Baina harrobi emankorra duzue...

Bai, 400 ikasle baino gehiago ditugu. Hori bai, musika ez ezik kirolak, ikasketak... ere egin behar dituzte. Ondorioz, askok musika utzi behar izaten dute.

Bitxia da pop, dance... musiken aroan bandak gazte asko erakartzea.

Ez da beren musika estilorik gustukoena, baina, bandak taldean jotzeko aukera ematen die. Elkarrekin jo ahal izateak asko motibatzen ditu gazteak.

 

 

Gerturatzen al dira herritarrak bandaren kontzertuetara?

Oso gutxi. Tolosa ez da askotan aipatzen den ‘hiri musikala’. Oro har, bandaren kontzertuek ez di tuzte masak erakartzen. Emanaldi tradizionaletara soilik joaten da jendea: kalejiretara eta abar. Herritarrek ez dute musika kul turarik. Jendeari musika entzuten erakutsi beharko litzaioke. Abesbatza Lehiaketaren atariko kontzertuan 40-50 lagun bakarrik bildu ginen. Tamalgarria da.

Egin duzun zertaz zaude harroen?

Bandaren soinua asko hobetu da hasi nintzenetik. Horretan zerikusi zuzena du musikarien prestakuntza hobeak. Garai batean, akademian erabiltzen ziren instrumentuak oso zaharrak ziren eta musikariek ez zituzten handik ateratzen. Orain, berriz, jendeak instrumentuak etxera eramaten ditu entsegu eta entsegu artean praktikatzeko.

Nola ari zara sentitzen azken kontzertuetan?

Ari naiz dagoeneko zirrara bereziak sentitzen. Pena emango dit banda uzteak. Ibilbidea bukatzen ari dela onartzen ari naizen heinean konturatzen naiz bandaren falta sumatuko dudala. Txikitatik sentitu dudalako. Jende askori gustatzen zaio musika, baina niretzat banda hori baino gehiago da.

Erretiratu ostean ere musikak garrantzia izango du zure bizitzan...

Orain arte bezala, kontzertu askotara joango naiz. Baita lanaren ondorioz galtzen nituenetara ere. Behingoz, Euskadiko Orkestraren kontzertuetarako bonoa aterako dut.

 

SOSLAIA

Musikari herrikoia

Tolosar orok ezagutzen du Luis Mari Gartzia Artetxe.

Herrikoia eta erabat musikazalea, Mustaden mekanikari bezala lanean hasi bazen ere, gustuko duen horretatik bizitzeko aukera izan du. Horregatik mantentzen du lehen eguneko ilusioa mende erdi lan berean pasa eta gero. Bandan ez ezik, bere saxo eta klarinete doinuak Alcoyano eta Poca Tripa txarangetan eta hainbat festa taldetan entzunarazi izan ditu. Udal Musika Eskolan klarinete irakasle, Abeslari Lagunak, Hodeiertz eta parrokiko abesbatzako kantari eta zuzendari... Sekretu gutxi gordetzen dizkio musikak berari. Aita eta anaia musikariak izanik, aktore sena ere atera izan du, pailazoekin emandako kontzertu batean zuzentzeari utzi eta kainabera batetik zintzilik zegoen txorizo muturraren atzetik korrika abiatu zenean legez. Emanaldietan duen seriotasun eta zorroztasunak samurtasunari ematen diote bidea bere oroitzapenez hitz egitean. Musikariekin ere ahalegintzen da zorrotzegia ez izaten. Ongi baitaki 8 ordu lanean pasa eta gero «ia boluntarioki» joaten direla entseguetara. Ahalik eta kontzertu gehienetara joaten da, eta egunero ateratzen du kiroldegira joateko denbora. Musikari onek odolean daramatelako martxa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!