Lagun bat atxilotu dute borroka jendetsu batean

tolosa 2011ko abenduaren 19a

Ertzaintzak 22 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo, goizeko bostak aldera Tolosako Gorriti plazan izandako borroka jendetsu batean, ustez lesioak sortu zituen eraso bat egiteagatik. Atxilotu eta gero epailearen esku utzi zuten tolosarra, eta atzo bertan espetxeratu zuten. Atxilotuak aurrekari polizialak ditu.

Herrizaingo Sailak esandakoaren arabera, istiluak goizeko bostak aldera hasi ziren. Ertzaintzak deia jaso zuen Gorriti plaza inguruan borroka jendetsu bat zegoela, eta pertsona batek zauri larria zuela esanaz. Ertzainek, hara iristerakoan, lepotik odol jario handia zuen gizonezkoa ikusi zuten, eta inguruan zegoen beste gizonezko bat zela erasotzailea zehaztu ahal izan zuten. Beste patruila batzuk joan ziren plazara, istiluek jarraitzen zutelako, eta bi pertsona eraman zituzten Tolosako osasun zentro batera, horietako bat aurretik aipatutako zauritua.

Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, ustezko erasotzailea eta bere lagun bat polizia etxera eraman zituzten ertzainek. Ustezko erasotzailea atxilotu egin zuten, eta laguna, aske utzi ondoren, osasun zentro batera eraman zuten anbulantzian, borrokan jasotako kolpeek sortutako zauriengatik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!