Abenduaren 3ko Euskararen Eguneko adierazpen instituzionalean azaldu bezala, euskararen erabilera izango da udalaren helbururik behinena. Honen harira, Udalarekin euskaraz, zure eskubidea delako lelopean, kanpaina jarri dute abian.
Tolosarren %65a euskalduna da, eta%21a, berriz, euskaraz ulertzeko gai da. Ikastetxe guztietan, gainera, D ereduan aritzen dira Tolosako gazteak; «etorkizuna euskaraz dato beraz», udal ordezkarien arabera. Bide beretik, «Tolosako Udaleko ia langile guztiak euskaldunak» direla nabarmendu zuen Hizkuntza Politika eta Hezkuntza batzordeko Iñaki Irazabalbeitiak: «Beraz, jendea bultzatu behar dugu, udalarekin dituen harremanetan euskara erabiltzera».
Kanpaina honetan, gogoan izan dituzte euskara ikasten ari diren herritarrak, edo hizketarakoan hain ondo moldatzen ez direnak: «Garranzitsuena ez da ondo egitea; arituz, eginez, jardunez ikasten da, ordea», dio Irazabalbeitiak. Horrela beraz, euskaraz hitz egitean askok sentitzen duten beldur hori eginez galduko dutela azpimarratu du udalak.
Kontzientzia piztu nahian
Kanpaina zabaltzeko, Tolosako Udalak hainbat kartel itsatsiko ditu herriko kaleetan barrena, eta eskualdeko komunikabideetan ere iragarriko dute euskararen erabilera sustatzeko ekimen hau.
Horrela, kontzientziazio kanpaina hau hiru alditan zabalduko dute herritarren artean: aste honetan bertan jarriko dituzte lehen kartelak; Eguberrietako oporretan bigarren fasea izango da, eta azkenik, 2012. urte hasieran zabalduko dute kanpainaren leloa herritarren artean.
Miren Urkola zinegotziak, kanpainaren aurkezpenean, Euskararen Egunerako aho batez onartua izan zen adierazpeninstituzionala irakurri zuen berriro, eta kanpainaren hariari tiraz, «ari den hiztunari herdoilik ez» zaiola aterako nabarmendu zuen.