Denbora Bankuak eta Tolosako Berdintasun sailak Truke Eguna antolatu dute iganderako, Zerkausian. Egun horretako muina trukea izango bada ere, azoka bat baino zerbait gehiago antolatu nahi izan dute. Hala, hainbat mugimendu, esperientzia eta proposamen aurkeztu eta zabaltzeko baliatuko dute eguna.
10:00etan hasiko da truke azoka. Bertan parte hartu nahi duenak bere materiala eraman beharko du. Mahaiak egongo dira materiala erakusgai jartzeko. Noski, dirua ezingo da erabili, beraz, zerbait eskuratu nahi duenak, trukatu nahi duena eraman beharko du bertara.
Egunean zehar hainbat eragilek beren proposamena aurkeztuko dituzte. Alde batetik, Tolosako Denbora Bankuaren aurkezpena egingo dute. Horrez gain, Garaipen elkarteak Donostiako eta Zumarragako hainbat kulturetako emakume taldeen berri emango dute. Tolosan ere horrelako talde bat sortzen ari direla azaldu dute udaletik. Bestalde, Mugarik Gabeko bi kidek deshazkundeari buruzko solasaldia ematez gain, bere elkartearen berri emango dute. Elkarte horrek hainbat aldiz kolaboratu du Berdintasun sailarekin. Azkenik, Denbora Bankuko kidea den Ana Sanz-ek esperientzia ekonomiko alternatiboei buruz hitz egingo du, tartean kontsumo taldeak. Solasaldiez gain, musikari eta dantzari tartea eskaini nahi diote, eta horretarako al-Qamar dantza taldeak parte hartuko du Truke Egunean.
Egitaraua
10:00-19:00. Trukea egiteko aukera.
12:00. Tolosako Denbora Bankuaren aurkezpena. Ondoren, sabel dantza tailerra al-Qamar taldearekin. Jarraian, Donostiako eta Zumarragako hainbat kulturetako emakume taldeen aurkezpena.
14:30. Bazkaria.
17:00. Deshazkundeari buruzko solasaldia eta Mugarik Gabe elkartearen aurkezpena. Ondoren, esperientzia ekonomiko alternatiboei buruzko hitzaldia, Ana Sanzen eskutik. Jarraian, al-Qamar taldean sabel dantza emanaldia .