Tolosako udal artxiboak Bayoneta aldizkariaren 10. alea zabalduko du bihartik aurrera. Ale bakoitzarekin egiten duten bezala, gai bati heldu diote, eta oraingoan Napoleonen garaiko musika izango da.
Ale bakoitzaren argitalpena egiterakoan, ekitaldiren bat egiten dute, eta biharkorako udal musika eskolako irakasleek eta ikasleek egingo duten kontzertua antolatu dute. Musika eskolako aretoan izango da, eta 11:30ean hasiko da saioa.
Musika emanaldiarekin batera banatuko da aldizkariaren 10. alea. Bestalde, Aranburu jauregian, kultur etxean, udaletxean eta Fronton kafetegian eskuratu ahal izango da. Udalaren webgunean ere zintzilikatuko dute aldizkaria.