Mikel Gotzon Telleriak Tolosari buruzko entziklopedia argitaratu du, Enciclopedia General Básica de Tolosa izenburupean. Herenegun arratsaldean aurkeztu zuen Kasino elkartean, jende ugariren aurrean. Telleriak azaldu zuenez, «liburuan ez dago, noski, Tolosari buruzko informazio guztia. Baina, bestalde, jakina da idazten ez dena gero ahaztu egiten dela. Maitasun osoz egindako lana da». Egileak irakurleen parte hartzea eskatu zuen, entziklopedia osatu ahal izateko: «Akatsak edo sartu gabeko informazioa ikusten dituenak, mesedez nirekin kontaktuan jarri dadila. Politena pixkana entziklopedia handituz joatea da, eta hori denen artean egitea».
Aurkezpenean bere ondoan izan zituen Andia elkarteko Jose Antonio Recondo eta Jose Leon Egiguren, Tolosako Orfeoiko zuzendaria den Jose Ignacio Ruiz de Alegria eta Jokin Bildarratz alkate ohia. Guztiek goraipatu zuten Telleriak egindako lana, eta eskertu zioten argitalpenean jarritako esfortzua.
Egileak liburuaren hainbat azalpen eman zituen, eta argitalpenean dauden zenbait bitxikeriaren berri eman zuen. Entziklopedian mota guztietako sarrerak daude: pertsonak, eraikinak, leku eta txokoak, gertakizunak... Besteak beste, herrian 38 zubi daudela azaldu zuen Telleriak, eta herriaren izena duen asteroide bat dagoela.
Liburuaren ale asko ez dira gelditzen. Eskuratu nahi dituenak Kutxaren San Frantzisko etorbideko sukurtsalera edo kultur etxera joan beharko du. Telleriaren asmoa entziklopedia interneten zintzilikatzea da, eta aurrerantzean irakurleek eta oro har, herritarrek ematen duten informazioarekin osatzea. Horretarako mikeltt@terra.es helbidera idazteko eskatu zuen.