Aurrera begirako lanak parekidetasunean burutzeko bidean, Parekidetasunean formakuntza izeneko lehen hitzaldia izan zen herenegun, udaletxeko pleno aretoan. Politikariei begira antolaturiko ekimena da, «baina herritar oso politikaria izan daitekeen neurrian, herritar guztiei irekia ere bada» Josebe Iturrioz berdintasun teknikariak azaldu zuenez. Asteleheneko saioa ostiralekoak osatuko du, eta bertan, Bilgune Feministako Miren Aranguren izango da hizlaria.
Hitzaldi edo formakuntza honen helburu nagusia, berdintasunarekiko «edo feminismoarekiko» grina sortzea dela nabarmendu zuen Josebe Iturriozek. Bide horretan, beharrezko kontzeptutzat azaldu zuen ‘mainstream’ deritzona. Ildo orokorren garrantzia aldarrikatzeko erabiltzen den hitza da, zeharlerroekin edo transbertsalitatearekin estuki lotua da kontzeptua. Horrela beraz, parekidetasuna edozein eremutako ildoa izateko beharraz aritu zen Iturrioz: «Garrantzitsua da transbertsalitatea jorratzea, eta benetan lortzea». Berdintasunak zentrala eta errokoa izan behar duela azpimarratu zuen.
Emakumea gizartean
«Izan zaitezke beltza, txiroa edo ijitoa, eta diskriminatua izan. Baina diskriminazio horien barruan ere, emakumea eta gizona beti maila desberdinean egongo dira», azaldu zuen Iturriozek. Emakumea, emakume jaiotzeagatik, sekula subjektu ez dela izan aipatu zuen; objektua dela baizik.
Honen harira, patriarkatu hitzaren erabilera ekarri zuen gogora. Lehenengo aldiz, monarkia absolutuaren aurka egiteko erabili zuten ‘patriarkatu’ hitza. Gaur egun, gizartearen erroan dagoen kontzeptutzat du Iturriozek; hitzak erabilera modernoa du. Hala ere, aspaldiko garaietara begira jarri, eta emakumearen egoerari begiratuz, «denborak gauzak aldatzen dituela gezurra da» hizlariaren esanetan: «Lan egin behar da horretarako».
Emakumea eta gizonaren arteko parekidetasuna lortzeko egin den eta egingo den lanaren harira, ‘diskriminazio positiboa’ izan zuen hizpide Josebek Iturriozek. Azken urteotan hainbat testuingurutan erabili ohi den kontzeptua da berau, baina juridikoki ez da erabat zuzena: «Akzio positiboa deitu beharko litzaioke, orain diskriminazio positiboa deitzen zaion horri». Honen harira, askotan akzio positibo hauek gaizki ikusiak edo behartuta eginak direla entzuten duela aipatu zuen; emakumeen partaidetza bermatzeko, ordea, beste ezer ezin dela egin uste du udaleko berdintasun teknikariak. Izan ere, «emakumeak, gizarte honetan, ez dira publikoan hitz egiteko, edo bizitza publikoa egiteko heziak izan».
Legeen mundua
Azken hamarkadetan, generoaren gaiari loturiko zenbait lege sortu izan dira. Espainiako Gobernuak, zehazki, gai honi heltzeko hiru lege ditu: Berdintasunerako Legea, 2005. urtekoa; Berdintasuneko lege organikoa, 2007an sortua eta, azkenik, 2008ko abenduaren 28an sortutako Indarkeriaren aurkako legea.
Tolosako ordenantza
Tolosako Udaleko Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako ordenantza, parekidetasunaren gaiari heldu zion Euskal Herriko lehen ordenantza izan zen, eta aipaturiko hiru lege horiek izan zituen oinarri, herriko beste hainbat ezaugarrirekin batera.Guztira 59 artikuluz osatutako ordenantza da, eta Josebe Iturriozek guztiak ez direla betetzen azaldu zuen: «Gure helburua, denborarekin atal guztiak betetzea da. Baina beti izaten dira lehentasunak, eta erronka bat da gauzak betetzea eta nola beteko diren erabakitzea».
Ordenantzako IX.kapituluaren izenburua honakoa da: Hizkuntza sexistarik eta estereotiporik ez erabiltzea. Hemen, irudi eta hitzen garrantzia nabarmendu zuen Iturrioz hizlariak: «Batzuetan, matxista izan gabe ere, nahigabe egiten ditugu zenbait gauza, gizarte honetan haziak garelako». Hemen, euskararekin egiten den bezala, esaterako, panfleto, kartel, dokumentu edo edozein gauzetan, generoaren gaia begiratu egin behar dela azpimarratu zuen Iturriozek.
Hari honi tiraz, Genero inpaktua udaleko araudi eta jardueran izenburua duen kapituluari heldu zion hizlariak. Kasu honetan, prozedurak konplexuak direla nabarmendu zuen Josebe Iturriozek: «Udaleko aurrekontua berdintasunetik egitea, adibidez, oso zaila da. Baina egokiena da, genero inpaktua neurtzeko. Gaur egun, ez hemen eta ez inon, ez da aurrekontua era orekatuan banatzen». Adibide gisa, kiroletako diru laguntzak erabili zituen: «Futbolean, esaterako, errealitate bat da gehienak gizonezkoak direla. Beraz, kiroletara bideratutako diruaren %80a futbolari emango bagenio, ez litzateke egokia genero ikuspegiaren aldetik».
Udaleko langileekin ere, antzeko zerbait gertatzen dela azaldu zuen Iturriozek pleno aretoko hitzaldian. Ordenantzaren XI. kapituluaren izenburuak honela dio: Udal langileen eta zerbitzu-enpresetako langileen berdintasuna bai enpleguari dagokionez, bai bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzeari begira. Hemen, garbitzaileen adibidea erabili zuen Iturriozek: «Udaletxeko areto eta bulegoak garbitzen dituzten gehienak emakumezkoak dira, eta brigadako langileak, berriz, gizonezkoak dira gehienak. Azken hauek, gehigarri gehiago izaten dituzte soldatan, lan baldintzak direla medio». Emakumezkoek burutzen dituzten lanetan, tradizionalki soldatan gehigarririk ez dela izaten azpimarratu zuen.
Udaleko jarduerak generoaren ikuspegitik lantze horretan, Tolosako eragileak ere hizpide izan zituen Iturriozek. Bere ustez, emakumeen parte hartzea bermatzen duten eragileak bultzatu behar dira: «Horrek ez du esan nahi besteak baztertu egin behar direnik. Baina egoera aldatzeko parekidetasuna eta emakumearen parte hartzea sustatu egin behar da».
Horrenbestez, berdintasun ordenantza muturreraino eramatearen beharra azpimarratu zuen Iturriozek, eta androzentrismoa islatzen duten irudiak saihestea ere bai.