Korrika eginez elkartasunari beste bultzada bat emateko aukera

Imanol Garcia Landa 2011ko abenduaren 12a

Tolosako XIV. Elkartasun Krosaren aurkezpena egin zuten, atzo, udaletxeko batzar aretoan. Ohi bezala, abenduaren 31n egingo da, Urte Zahar egunean. Aurkezpenean Pello Etxabe kirol zinegotziak, Iban Gallego Samaniego eskolako eta Orixe institutuko kirol arduraduna eta krosaren koordinatzaileak, eta Lucia Arias Koku-Yo elkartearen ordezkariak hitz egin zuten. Urtero parte hartzea handituz doa eta aurten ere jende ugari bertan izatea espero dute. Lehengo urtean, helduak eta haurrak batuta, 800dik gora lasterkarik agurtu zuten urtea korrika.

Aurten berritasun batekin dator Krosa, kirol arloari dagokionez. Iban Gallegok zehaztu zuenez, «zirkuitua finkatuta dagoela ikusita, pentsatu dugu helduen lasterketan denbora guztiak jasotzea». Denbora horiek, proba bukatu eta hortik bi egunetara ikusgai egongo dira www.herrikrossa.com helbidean.

Etxabek udalaren prestutasuna adierazi zuen krosari laguntza eskaintzeko: «Ekonomikoki ez dira garai onak, baina udalak orain arte emandako laguntza eskaintzeko prest dago, bai eskura dituen baliabideak emanez, bai diru laguntza eskainiz». Krosaren helburua nabarmendu zuen zinegotziak: «Elkartasunak beti du garrantzia, baina garai hauetan are garrantzitsuagoa iruditzen zaigu. Beraz, postuak eta kronometroak alde batera utziz, deialdia zabaltzen diogu Tolosaldeko gazte nahiz helduei Elkartasun Kros honetan parte hartzera».

Izen ematea, bihartik zabalik

Hasiera eta helmuga Zerkausian izango du, eta distantzia eta ibilbideak berdin jarraituko du. Ordutegiak ere urterokoak izango dira: 15:30ean hasiko dira haurrak eta 16:30ean helduak. Izena aurretik eman daiteke, hilaren 14tik 29ra, Aralar Kirolak dendan, eta helduek 6 euro ordaindu beharko dituzte.  Egunean bertan, Zerkausian eman daiteke izena, proba hasi baino ordu erdi lehenago, eta orduan 10 euro ordaindu beharko dira. Haurrek ez dute izena ematerakoan ordaindu beharrik.

Lasterketa bukatzerakoan, parte hartzaileen artean afari batzuk zozketatuko dira. Afari batzuk bi lagunentzako dira eta beste batzuk lau lagunentzat. Azken honetan, hau da, lau lagunentzako afarirako zozketan parte hartzeko, launaka eman behar da izena. Gallegok taldeka izena emateko gonbitea luzatu zuen, «beti ere aukera gehiago daude saria jasotzeko».

Urtero sari berezia ematen dute Samaniegon edo Orixen ikasle izan den eta kirolean nabarmendu denari. Aurtengoan Maddi Amiano judokari egingo diote errekonozimendua. Bestalde, Gallegok Unai Arroyoren parte hartzea nabarmendu zuen. Azken bi urteotan irabazlea izan da Tolosako atleta gaztea eta asteburu honetan parte hartu berri du Eslovenian jokatu den Europako Kros Txapelketan, junior mailan.

Eskola berreraikitzea

Lucia Arias Koku-Yo elkartasun elkartearen ordezkariak, bere aldetik, egun dituzten proiektuen berri eman zuen, zehazki Kolonbian dutena. Hain justu, Samaniego eskola Guillermo Leon Valencia eskolaren senidetuta dago 2006 urtetik. Eskola hori Campo Alegre komunitatean dago, Ginebra udalerrian, Kolonbiako Cauca bailaran. Eskola horretarako dagoen Bibliomula proiektuarentzat eman izan da Elkartasun Krosean bildutako dirua.

Campo Alegre komunitatean orain urtebete lur jausi bat izan zen. Bost familia etxebizitzarik gabe geratu ziren, eta eskolaren eraikina oso egoera arriskutsuan dago. «Urte guzti honetan haurrek ezin izan dute eskolan izan», azaldu zuen Ariasek. «Aste honetan esan didate eskola guztiz berreraiki behar dutela, eta beraz, egungo indarrak lan horretan jarriko dira. Hango alkateak esan duenez, datorren urtean eskola egongo da. Ea hori egi bihurtzen den». Bide batez, Krosaren antolakuntzari eskerrak eman zien Ariasek, jasotako laguntzarengatik.

Egitaraua

15:30. Benjaminak hasiko dira (LH3 eta LH4). 700 metro egingo dituzte.

16:00. Alebinak hasiko dira (LH5 eta LH6). 1.600 metro egingo dituzte.

16:30. Infantilak (DBH1 eta DBH2), 2.900 metro, eta helduak, 5.050 metro, aterako dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!