Bukatu da Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia. Beste urte batez, «arrakastatsua» izan da. «Jatorri, mota eta garai ezberdinetakoak ikusteko aukera eskaini dugu, eta orokorrean egiten dugun balorazioa positiboa da», azpimarratu du Idoia Otaegik zuzendaritzatik.
Azaroaren 26ean hasi, eta abenduaren 4ean amaitu zen 29. Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia. 21 konpainiak parte hartuko dute, eta 84 saio izan dira. Krisia dela eta, inoiz baino gutxiago izan dira. Hala ere, «ikuskizunak, ezberdinak eta kalitate handikoak izan dira» gaineratu du. Saio askotan sarrera guztiak agortu zaizkie, eta honek, «alde batetik, gurasoak seme-alabekin datozenean pena ematen dizu sarrerarik gabe geratu direla ikusteak, baina beste aldetik, poztasun handia sentitzen duzu, zeren helburua hori da, aretoak betetzea», dio Otaegik.
Ikuskizun guztiak ez dira bete, baina orokorrean ia guztiak bete dira, eta «oso pozik» daude lortu duten emaitzarekin. Eta «ikuskizunetatik jendea oso pozik atera dela uste dugu», azaldu du. Sarrerarik gabe jende asko geratu zela eta, Elurrezko panpina ikuskizuna errepikatzea erabaki dute antolatzaileek. «Jende asko ikusi ezinik geratu zen, eta Gabonetako egitarauan sartuko dugu ikusi ez zutenek aukera berri bat izan dezaten».
Aurten Suitzara ireki dute leihoa, eta Suitza eta inguruko herrialdeak izan dira gonbidatu nagusiak. Suitzarren inguruan galdetzean, hauxe kontatu du: «Nahiz eta herrialde berekoak izan asko ez ziren elkarren artean ez ziren ezagutzen, eta batik bat, berain artean ezagutzeko aukera izan dutelako, poz-pozik joan dira». Txotxongiloek Suitzan izan duten bilakaera ikusteko aukera izan da erakusketan.
Otaegik eskerrak eman ditu, «Tolosako publiko fidelari, baina baita ere, Gipuzkoa osotik etortzen den jendeari. Eta, nola ez, Tolosako herriari txotxongiloak hain ongi hartzeagatik», dio. Krisi egoera honetan, publikoaren erantzuna ikusita eta helburuak beteta dituztela ikusita, hurrengo urtera begira jartzeko indarrak hartu dituzte.