Tolosako Udalak datozen urteetarako plan ekonomikoaren berri eman zuen batzar aretoan egindako bilera irekian. Ibai Iriarte alkateak eta Lore Agirre alkateordeak eman zituzten azalpenak, eta gastu soziala mantendu egingo dela, eta beraz, arlo horretan murrizketarik ez dela izango zehaztu zuten. «Gastu soziala ez da bakarrik gizarte zerbitzuetara bideratzen den dirua, kultura eta kirola ere kontuan hartzen dira», esan zuen Iriartek.
Aurtengo aurrekontuaren aurreikuspena egin du udalak: 5 milioi euro inguruko defizita izango da. Datozen lau urteetarako aurrekontuek ere ez dute emaitza positiborik emango: 2012an ia 4 milioiko defizita espero da, eta 2013tik 2015era milioi ingurukoa urte bakoitzeko. Horrek diruzaintzako gerakina, hau da, udalaren itsulapikoa, zenbaki gorrietan utziko luke. Zehazki, 2010 urte bukaeran zeuden 8,5 milioietatik, 2015eko amaieran egongo liratekeen ia -3,5 milioietara.
Aurreikuspen horiei buelta ematea da udalaren helburua. Horrela, alde batetik ez da dirurik bideratuko inbertsioetara, ez bada diru laguntzarik lortzen horientzako. Bestetik, gastu arruntetan murrizketak egiteko asmoa dute, kale zein eraikinen garbiketa gastuan, hain zuzen. Urte hauetako aurrekontuak baldintzatzen dituena Elosegi parkeko desjabetzearen ordainketa dela zehaztu du udalak.
«Indarberrituta» ateratzea
Plan ekonomikoaren datuak eman aurretik, Iriartek egungo egoera ekonomikoa izan zuen hizpide. «Mundua krisi ekonomikoa bizitzen ari da eta horrek guztiei eragiten digu», esan zuen alkateak. «Perspektibaz lan egin behar da, hankak lurrean ditugula, eta plan ekonomikoak horri erantzun nahi dio». Planari buruzko azalpenak herritarren aurrean ematea, «udalaren gardentasunaren seinale» dela esan zuen. Bestalde, aurten «denbora faltagatik» ez badira egin, datozen urteetarako aurrekontu parte hartzaileak egiteko konpromisoa hartzen dutela gaineratu zuen. «Egoera okerra» bizi dugula esan zuen, eta horrelako egoera batean «denon artean aldaketa» egin beharra dagoela gaineratu zuen, «indarberrituta ateratzeko».
Elosegi parkea
Bileran herritarren aldetik gehien aipatu zen gaia Elosegi parkearena izan zen. Epaitegietan dago desjabetzearen auzia, baina udala eta parkearen jabeak akordio batetara iritsi berri dira, eta horrek auzia ixtea ekarriko luke. Akordio horren ondorioz udalak 8,5 milioi ordaindu behar ditu. Aurretik, 2006an, milioi erdi ordaindu zituen udalak eta orain beste zortzi milioi falta dira. Datozen urteetako aurrekontuak baldintzatuko ditu ordainketa horrek. Izan ere, aurten beste milioi euro bat jarri behar du udalak eta datorren urtean hiru milioi ordaindu behar ditu. Hortik aurrera, beste lau urteetan milioi bana ordaindu behar da.
Jabeekin lortutako akordioa positibotzat jo zuen alkateak: «Epaitegiek orain arte erabakitakoaren arabera, udalak jabeei eman beharrekoa 9,6 milioi euro ziren, eta gainera dena kolpera ordaindu beharko litzateke. Akordioarekin, milioi euro bat gutxiago jarri beharko da eta urte gehiagotan ordaindu daiteke».
Plan ekonomikoaren ondorioetako bat inbertsioak egiteko ahalmena gutxitu dela da. «Finantziazioa ez daukaten inbertsio guztiak atzeratu egin beharko dira, beste baliabide batzuk edo handiagoak lortu arte», zehaztu zuten udaleko arduradunek. Diru laguntzak lortu beharko direla esan zuen Iriartek, eta inbertsioak egiteko ahalmena izanez gero, azpiegituren alorrean Berazubiko estadioa eraberritzea dago zerrendan lehena.
Udalak zorpetzeko beharra ikusten badu, adostasun politiko handi bat izatea beharrezkoa ikusten du. Horretara iritsi baino lehen, dirua aurrezteko zenbait modu aipatu zituen Lore Agirrek. Hain justu kale garbiketaren (urtero 1,3 milioi euro) eta eraikinen garbiketaren (urtero 0,5 milioi euro) gastuak murriztea aurreikusten du udalak.
Plan ekonomikoaren datu zehatzagoak jakin nahi dituenak, txostena udalaren webgunean zintzilikatuta dagoela azaldu zuten udal arduradunek.