Txistulari Bandak ohiko kontzertua emango du, gaur

tolosa 2011ko abenduaren 8a

Urtero legez, Tolosako Txistulari Bandak kontzertu berezia emango du gaur, Sortzez Garbia egunean. Udaletxeko arkupeetan izango da saioa, 13:15ean. Zuzendari lanetan Iñaki Letamendia ariko da, eta txistulariek bi laguntzaile izango dituzte emanaldirako, biak tronpeta joleak: Igor Agirre eta Xabier Zelaia.

Guztira zortzi obra interpretatuko ditu Txistulari Bandak. Rataplan biribilketarekin hasiko da kontzertua; egile ezezaguna duen obrari J.I. Ansorenak egindako moldaketa joko dute. Hurrengo abestia J.I. Ansorenak idatzitakoa da, Beti nigan gertu zortzikoa. Martxa heraldikoak izeneko obra joko dute jarraian, Migel Gonzalez Bastidak egina. Hurrengo obra Goizueta orripekoari J.I. Ansorenak egindako moldaketa izango da. Autore berdinak Iradi arin arinari eginiko moldaketa joko dute ondoren. Gontzal Mendibilen Bagare bagara obraren txanda izango da gero. Mikel Laboaren Txoria txori ez da faltako kontzertuan, eta, amaitzeko, Xabier Leteren Habanera obra interpretatuko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!