Tolosako EAJ-PNVko zinegotziek zalantzan jarri dute Bildu koalizioak eta Aralar alderdiak osaturiko Udal Gobernuak sustatzen duen partaidetza eta gardentasun politika. Euren ustetan, «asmo hutsean» geratzen da, eta «ahalegin handiagoa» egin beharko lukete horiek bultzatzeko.
EAJ alderdiak ohar bidez adierazi du «saihestu eta lurperatu» egin nahi dutela aurreko legealdian eginikoa, eta Tolosa 2015 aipatzen dute adibide moduan. «Aurreko korporazioak proiektu hori jarri zuen martxan, gizarte eragileen ekarpenak jasotzeko helburuz; 300 gizarte eragilek hartu zuten parte eta 200 ekarpen inguru jaso ziren; egindako lan hori positiboa litzateke, alderkiriak aparte utzita, garatu litezkeen proiektuak bideratuko balira», azaldu dute. EAJren ustez, baina, «Tolosa 2015 EAJk sortutako marka denez, begibistatik kentzea da Bilduren helburua».
Bestalde, jeltzaleen ustetan, partaidetza arautu egin beharko litzateke; «batzordeetan, kolektibo ezberdinetako eragileei lekua aitortu zaie; hau guztia inolako arautegirik gabe ari dira egiten, jendea ‘gonbidatuz’».
Batzordeen bilerak
Batzordeen bileren inguruan, hauek «asko murriztu» direla adierazi du EAJ alderdiak. «Azken ia sei hilabetetan egin diren batzordeen bilerak ez dira erdira iristen aurreko urteetan garai berean egindakoekin alderatzen badugu. Gainera, badira bilera bat baino gehiago egin ez duten batzordeak, eta badira oraindik bilerarik egin ez duten enpresa publikoak, Tolosa Gasa eta Tolosa Lotzen, kasu».
Bestalde, Udalaren gardentasuna «zalantzan» jarri dute, «batzordeen bileretan ezer gutxi erabaki daitekeelako, erabaki beharrekoa jadanik erabakita egoten delako». Halaber, «kaletik edo kafe makinatik» izaten dutela erabaki batzuen berri salatu dute: «Zenbait langileei kontratuak ez berritzea bezalako gaiak ez dira eztabaidatzen dagozkien departamenduen barnean».
EAJk partaidetza eta gardentasunaren inguruan, «ahalegin handiagoa» eskatzen du, eta «aurreko korporazioak sustatutako partaidetza mailara iristea» espero dutela gehitzen du.