1540. urtekoa da, Tolosako Santa Maria parrokiako musika kaperaren inguruko berririk zaharrena; Julian de Luzuriagaren izena agertzen da, organista bezala. Hala ere, taldearen funtzionamenduari buruzko dokumenturik zaharrena 1618koa da. Gaur egun, oraindik ere, Santa Mariako kapera musikak lanean jarraitzen du, eta Euskal Herriko musika erakunde zaharrenetarikoa da.
Urteetan zehar iraun izana da, besteak beste, kapera musikaren ezaugarririk aipagarrienetarikoa. XVII. mendean sortu zenez geroztik, Santa Maria parrokiako liturgian aritzen da hainbat musikariren lanak interpretatzen. Nabarmentzekoa da, bestalde, taldeko kide kopurua: 90 lagun biltzen dira guztira, abeslari, orkestra, organo jolea eta zuzendariaren artean.
Urtean zeharreko emanaldi batzuk beti errepikatzen direnak izaten dira; gaur eta bihar, esaterako, Sortzez Garbiaren eguna dela eta ospatzen diren mezetan ariko dira. Horrez gain, Santa Zezilia egunean, Eguberrietan, Corpus egunean, San Joan egunean, Izaskungo ermitako mezetan, eta hainbat omenaldi eta antzekoetan ere kontzertuak eskaintzen dituzte.
Azken urteotan, gainera, Tolosatik kanpo ere hainbat emanaldi eskaini ditu kapera musikak, parrokiako kontzertuez gain. 2007. urtean, esaterako, Felipe Gorriti musikariari Tafallan egin zioten omenaldi batean parte hartu zuten, bertako musikariekin batera. 2008an, berriz, Eduardo Mocoroaren Misa Pastoralen mendeurrenaren harira, Arantzazun eta Donibane Lohitzunen kontzertuak eskaini zituzten. Gipuzkoaren fundatzearen mendeurrena ere ospatu zuten, eta Santa Maria parrokiako kapera musika taldeak Getarian kontzertua eskaini zuen, Mocoroa eta Gorritiren obrak eskainiz. Azkenik, iaz, Bergaran, Getarian, Gabirian nahiz Madrilen izan zituzten emanaldiak. Garai berriekin batera, beraz, esparru eta inguru berriei ateak zabaldu dizkio Santa Mariako kapera musikak.
Musikazaleen txokoa
Musika afizio dute, gaur egungo kapera musikako kideek, eta Tolosako musika ondarea zaindu eta ezagutaraztea da euren helbururik behinena.
XIX.mendera arte, ordea, kaperako zuzendariaren nahiz organo jolearen postua, entzute handikoak ziren. Santa Mariako kaperako musikaria izatea ere, prestigio handikoa zen. Horren erakusle da, taldeko posturen bat betetzeko deialdia luzatzen zenean, kanpoko herrietatik Tolosara etortzen zen musikari kopurua; 1855. urtean, tenore posturako zortzi hautagai aurkeztu ziren, eta hauetariko batzuk, Guadalajaratik etorri ziren.
Hala ere, XVIII. mende amaieran jaso zuen, Santa Mariako kapera musikak, bultzada nabarmena, Felix Maria Samaniego alkate zela. Bultzada honek ekarri zuen, XIX. mende hasieran, Tolosako kapera musikako zuzendaritza inguruko garrantzitsuenetarikoa izatea; garai hartako musikaririk entzutetsuenek egin zituzten, kaperan sartzeko probak. Ezagunenetarikoa, alde batetik, Candido Aguayo izan zen, baina bera ordezkatu zuen Felipe Gorritik eman zion kapera musikari, benetako izena musikaren munduan. 1867. urtetik 1897ra bitarte aritu zen kaper musikan, eta hari zor zaio, Stolz Freres organoa erosi izana; gaur egun, inguruko hamar organo onenetarikoen artean dago.
Organoaz haratago, ordea, musikarien eskola sortu zuen, eta horren bidez lortu zuen, ordura arte kapera musikan ez zeuden instrumentuak, bertan sartzea: biolinak, biolak, biolontxeloak, kontrabaxuak, flautak eta tronpetak.
Bere ekarpenaren barruan, 300 obra baino gehiago ere sortu zituen; aipatzekoa da, Agur Jesusen Ama ezagunarekin, nazioarteko hainbat sari irabazi zituela Parisen, 1881 eta 1882 urteetan.
Felipe Gorritik, ordea, izan zuen oinordekorik, berak hasitako lanarekin jarraitzeko, eta bide horretan, Eduardo Mocoroa eta haren semea Inazio Mocoroa aipatu behar dira.
Sortzez Garbiaren mezak
Sortzez Garbiaren eguna dela eta, Santa Maria parrokiako kapera musikak bi kontzertu eskainiko ditu, urteroko ohiturari eutsiz.
Gaur iluntzean, 19:00etan, meza izango da, eta honako obrak eskainiko dituzte bertan: Madinaren Aita Gurea, Felipe Gorritiren Motetes al Santísimo eta egile beraren Salve. Organoan, Loreto Fernandez ariko da, eta zuzendari lanetan, berriz, Iñaki Aierbe. Bakarlariak, Axun Gaztañaga, Jexux Mari Jauregi eta Joxeja Garcia izango dira.
Bihar, eguerdiko 12:00etan izango da meza, eta errepertorio zabalagoa eskainiko dute. Kasu honetan, Luis Orduñak zuzenduko du kapera musika, eta organoan Loreto Fernandez ariko da. Bakarlariak, berriz, Javier Yarza eta Jexux Mari Jauregi izango dira.
Meza hasi baino lehen, Loreto Fernandez organojoleak Johann Sebastian Bach-en zenbait lan joko ditu. Behin ospakizuna hasita, Eduardo Mocoroaren Misa en honor a San Juan Bautista obra eskainiko dute, tolosarren artean Inmakuladaren meza izenez ezagunagoa dena.
Eskaintzaren unean, berriz, Bossiren Ave María obra eskainiko dute. Felipe Gorritiren Motetes al Santísimorekin jarraituko dute, eta ohitura den bezala, Agur Jesusen Ama obrarekin amaituko da meza.