Mimaia taldeak Adios, Bienvenida izeneko antzezlana estreinatuko du bihar arratsaldean Topic Txotxongiloen Nazioarteko Zentroan. Bartzelonarrek Tolosako zentroan eginiko egonaldia baliatu dute lan berria sortzeko, eta leku bera aukeratu dute ekoizpena aurkezteko.
Obraren egileek azaldu dutenez, lan honekin agurrek ez dutela tristetu beharrik erakutsi nahi dute. «Eguneroko bizitzan denok egin behar izaten diegu aurre era horretako egoerei; jaiotza bera ere agurra da», azaldu du Dora Canterok, taldeko zuzendariak.
Cantero eszenaz, zuzendaritzaz eta interpretazioaz arduratzen da; baita testuaz eta musikaz ere. Oraingoan, Nina Ledergerber suitzarra izan du laguntzaile. Ledergerberrek eszenografia eraikitzeko ardura hartu du, txotxongiloena nahiz musika alderdiarena.
Topic zentroan egonaldia
Adios, Bienvenida lana urtebeteko lanaren emaitza da, eta ibilbide horretan «funtsezko garrantzia» izan du Topic zentroan egin duten hiru hilabeteko egonaldiak. Taldekoek argi zuten Bartzelonatik kanpo ikuskizunen bat landu nahi zutela, eta, Canterok Titirijai eta Topic ezagutzen zituenez, sorkuntzako egonaldirako eskaria egitea pentsatu zuten. «Zentroko zuzendariekin hitz egin genuen, proiektua aurkeztu genien, eta onartu egin zuten», adierazi du Ledergerberrek.
Titirijai jaialdia amaitu berritan, Topic zentroan bertan estreinatuko dute familia osoari zuzenduriko lana. Ondoren, Murtziako (Espainia) Teatro Circora eramateko asmoa dute, eta beste hainbat herritan aurkeztu eta gero, Tolosara itzuliko da hilabate batzuen bueltan, uztailean, hain zuzen, Tolosako Nazioarteko Txotxongiloen Zentroan egingo den Txotxongiloaren Nazioarteko Batasunaren (Unima) Udako Eskolan.
Mimaia antzerki taldea 2008an sortu zen, «gure baitan daramagun haurra salbatzeko tokia, babesgunea sortzeko xedez». Taldearen lehen lana aurtengo Titirijai jaialdian ikusgai izan den Arbequina izan zen. Mimaia taldeak txotxongiloen eta objektuen antzerkiaren ikerketan dihardu. 2010ean, Bartzelonara aldatu zuten egoitza, eta han, Mina Ledergerber musikari eta txotxongilolaria batu zitzaion taldeari.