Pasa den urriaren 5ean zendu zen Jose Inazio Elola. Zesta punta jokalari profesionala izandakoa, nazioarte mailan goren-gorenean aritu zen pilotan. Hala ere, zuen gizatasunagatik egingo diote, datorren abenduaren 6an, omenaldia.
Tolosako Beotibar Zesta Punta Elkarteaz gain, omenaldian Tolosako Udalak, Villabonako Udalak, Jai Alive enpresak, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak eta Euskadiko Pilota Federakundeak ere parte hartuko dute. Hain zuzen ere, erakunde hauetako ordezkariek egin zuten agerraldia.
Arratsaldeko 16:30ak inguruan hasiko da ekitaldia. Beotibar Zesta Punta Eskolako haurrek, kiniela modalitatean saioa egingo dute. Jarraian, 17:00etan hasita, profesional mailako bi partida izango dira. Lehenengo norgehiagokan, Garcia eta Minvielle, Treku eta Alliez I.aren aurka lehiatuko dira. Bigarren partida, berriz, Egiguren II-Konpa bikoteak jokatuko du, Olharan-Hernandezen aurka. Sarrerek 5 euroko prezioa izango dute, eta dirua «omenaldiaren gastuak aurrera atera ahal izateko» erabiliko dute. Aipatzekoa da, gainera, ETBko kamerek partidak grabatuko dituztela, eta egun berean eskainiko dutela emanaldia, ETB SATen.
Gizatasunari omenaldia
Hain zuzen ere, bi partiden artean omenduko dute Elola. «Beotibar Zesta Punta Eskola sortu izana zor diogu, eta kirol ordezkari moduan ere lorpen handiak izan zituen, baina batez ere, zesta puntaren alde egin duen guztiagatik merezi du omenaldia», azaldu du Beotibar ZPEko ordezkari Xabier Telleriak.
Zesta punta eskolako kide guztiez gain, erakundeetako ordezkariak ere bertan izango dira, eta oroigarri banaketa bat egingo dute, Elola gogora ekarri ondoren. Antolatzaileek, gainera, ezustekoren bat ere izango dela azaldu dute.
Jai Alive enpresako Iñaki Egigurenek, entrenatzailea izan zuen Jose Inazio Elola. Bere garairako gizon aurreratua zela nabarmendu du, eta prestakuntza fisikorako nahiz teknikoki, metodo berritzaileak erabiltzen zituela. Ikasleei, gainera, «oso balore» onak transmititzen zizkiela azpimarratu du: «modu berezia zuen ikasleok tratatzeko, eta esamoldeak erabiltzen zituen partidetan nola aritu behar genuen azaltzeko». Asteartean, bere enpresako pilotariek jokatuko dituzte partida guztiak, eta aipatzekoa da, pilotariak doainik etorriko direla omenaldira.
Tolosako Udaleko Pello Etxabek, bere aldetik, Elola «erreferente» izan zela eta, udalak omenaldian parte hartea ezinbestekotzat jo du, «merezi zuelako».
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko Patxi Jauregik ere, bere gizatasuna azpimarratu zuen: «Duela 36 urte ezagutu nuen,eta bigarren bizitza bat zuen familiaz gain, frontoian». Jauregik, gainera, Elolaren heriotza bera ere frontoiari lotua izan zela gogora ekarri du: «Ameriketako lagun bati bere jaioterria zen Villabonako frontoia erakusten ari zela hil zen, hain zuzen bere jaiotetxearen alboan. Zer diren bizitzaren nahikeriak!».
Horrela beraz, asteartean Beotibarrera bertaratzeko deia luzatu dute guztiek.