Gipuzkoako Aransgi elkarteko haurren topaketa egin berri dute Tolosan. Bertan bildu ziren elkarteak dituen hiru zentroetako kideak, hau da, Tolosakoez gain, Bergarakoak eta Donostiakoak. Zirkoa gai bezala hartuta, festa egin zuten bi eta hamar urte bitarteko haur gorrek, irakasleek eta gurasoek.
Haur gorren irakasle eta Aransgiko kidea den Bego Balerdik azaldu duenez, «laugarren urtea da topaketa hau egiten dugula. Beti gai bat aukeratzen dugu, eta aurtengoa zirkoa izan da». Haur gorrak eskoletan egoten dira eta noizbehinka elkartzen dira Aransgiko guneetan, «haurren arteko harremanak indartzeko». Balerdi eta beste hainbat irakasle, haur gorrak dauden eskoletara joaten dira, eta beraiekin gela barruan izaten dira. Tarteka, gelatik kanpo ateratzen dira bakarkako prozesuak lantzeko, zeinu hizkuntza, esaterako.
Tolosako Aransgi zentroak haur gorren eskola gisa funtzionatu zuen 1982ra arte. «Urte horretatik aurrera hasi ziren haur gorrak eskoletan integratzen. Orduan integrazio hitza erabiltzen zen», dio Balerdik. «Hasieran ez zen izaten ikastordu guztietarako. Pixkana egun osorako gelditzen hasi ziren, eta egun, ez da integrazio hitza erabiltzen. Haurrak beste ikasle batzuk bezala egoten dira, laguntza bereziak jasoz. Guk ematen dugu laguntza hori, ikaslea eta irakaslearen arteko zubi lanak eginez».
Oztopoak
Halere, haur gorrek oztopoak dituzte eskoletan, Balerdik dioenez: «Normalean eskolak ez dira prestatuta egoten. Aulki gurpildun batean doanak arranpa bat behar duela garbi ikusten duzu. Baina zailagoak dira ikusten haur gor batek egunerokotasunean dituen oztopoak: sarrerako txirrina, abisuak, komunikatzeko moduak...». Komunikatzeko arazoak izaten direnean, haur gorren irakasleek zubi lanak egiten dituztela dio Balerdik: «Badaude zeinu hizkuntza dakiten irakasleak, eta horrek asko errazten du. Halere, egunerokotasuna gogorra da eta haurrek esfortzu handia egin behar dute informazioa jasotzeko».
Haur gorren artean entzumenaren mailan aldea dagoela zehaztu du Balerdik. «Batzuk badaude audifono batekin nolabaiteko entzumena dutenak. Baina kontuz ibili behar dugu gai horrekin: gauza bat da entzutea eta bestea da diskriminatzea. Nahiz eta entzumen maila bat izan, ikasi egin behar dute hizkuntza. Hori da gure lana».
Gizartean eta hezkuntzan haur gorrenganako sentsiblizazioa eskatzen du Balerdik: «Eskoletara joaten garenean, malgutasuna behar dugu: irakasleak gure presentzia normaltasunez hartzea, komunikazioa lantzea... Normalean eskoletan hori gertatzen da, urte asko daramatzagu-eta bertan lanean. Kalean zailagoa izaten da beren beharrak asetzea».