Gabonetako kanpainari hasiera emango diote merkatariek

tolosa 2011ko abenduaren 2a

Tolosa&Co Tolosako merkatarien elkarteak, gaur ekingo dio Gabonetako kanpainari, eta urtarrilaren 10a bitarte luzatuko da. Aurtengo berrikuntza, abenduaren 6ean, asteartean, komertzioak irekitzea erabaki dutela izan da. Txuletaren festa dela eta, egoki ikusi dute, eta guztira 50-55 bat komertzio izango dira ateak zabalduko dituztenak. Azterketa bat egin ostean, eta udalarekin adostuta, hartu dute erabakia.

Gabonak ate joka datozela eta, gaur argiak pizteaz gain, musikaz girotuko dute herria. Urtarrilaren 4a bitartean, hemezortzi puntutan jarriko dute musika, 18:30etik 20:00etara.

 

 

 

Tolosa&Co elkarteak argiak jartzea lortu dutela azpimarratu du, «ez nahiko genituzkeen guztiak baina, bai alde berrian eta baita Alde Zaharrean ere argiak jarriko dira».  Merkatari guztiek,  pazko loreak jarriko dituzte beraien komertzioak berdin atontzeko. Eta elkartetik, merkatari guztiak abenduaren 24ean artzain-andrez janztera animatu nahi dituzte.

Abenduaren 17an, larunbatean, Azoka Berezia izango da Tolosan, eta azokari jarraipena emateko, 17:30ean, Trianguloa plazan magia ikuskizuna jarri dute.

Bestalde, elkarteko Visa Txartela erabiltzen dutenek, egun ezberdinetan %5eko deskontuak izango dituzte. Urtean zehar egiten duten moduan, puntuak ematen jarraituko dute txartelarekin erostean, eta herriko Arriaran gasolindegian ere deskontua izango da.

Bidaia eta afarien zozketak

Tolosako merkatarien elkarteak, bertako komertzioetan erosketak egiten dituztenen artean bidaia bat zozketatuko du. 2.000 euroko balioa izango du bidaiak, eta zozketa urtarrilaren 10ean egingo dute.

Bestetik, erosleen artean 40 afari zozketatuko dituzte. Afari hauek, izen handia duten jatetxeetan izango dira.

 

 

Gaur 19:30ean Eguberrietako argiak piztuko dituzte Gaztelako Atean

Gabonak gainean ditugu, eta hori iragartzen duten argiak  gaur piztuko dituzte. 19:30ean, Trianguloan dagoen Gaztelako Atetik jarriko dute Eguberrietako argiteria martxan.

Bertan, Gipuzkoar Merkataritzako Enpresari Sariak jaso berri dituzten, Roberto Ruiz (Fronton jatetxea) eta Anate Iturralde (Aralar kirolak) izango dira. Bertan izango dira baita ere,  Musika Eskolako akordeoilariak ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!