Etzi, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko eguna izango da. Herenegun Tolosako udaletxeko pleno aretoan, adierazpen instituzionala aurkeztu zuen udal gobernuak egun honen harira, eta zenbait eztabaidaren ondoren, adierazpen bateratua aho batez onartua izan zen.
Udal gobernuak, bere adierazpenean, Bitoriano Gandiaga ekarri nahi izan zuen gogora, «erabiltzen ez bada, hil egiten da euskara» aipua erabiliz. Tolosarren %65a euskalduna dela baieztatu zuten, eta era berean, herritarren %86a euskaraz moldatzeko gai dela. Gainera, ikastetxe guztietan D ereduko hezkuntza eskaintzen dute Tolosan; 25 urtetik beherako tolosar guztiek, beraz, euskaraz badakitela nabarmendu nahi izan zuten.
Hala ere, datu positibo hauen paren, kaleko erabilerak Tolosako errealitate linguistikoaren beste aurpegia erakusten du: tolosarren %46ak hitz egiten du kalean euskaraz. Gauzak horrela, udalak «euskara gure herriko hizkuntza nagusia izatea» du helburu, eta honetarako, euskal hiztunak behar direla azpimarratu dute. Adierazpen instituzionalaren bitartez, beraz, herritarrei dei egin nahi diete euskaraz aritzeko konpromisoa hartzeko: «Aritzea da gakoa, zuzentasunari hainbesteko garrantziarik eman gabe».
Udal gobernuko kideek aurkeztutako adierazpenarekin bat etorri zen EAJ-PNVko udal taldea. PSE-EE alderdiko Jose Ignacio Asensiok, ordea, «kontrakoa ez, baina osagarria» den adierazpena proposatu zuen. «eleaniztasuna babestu nahi» duela esanez: «gure altxorra da». Horretarako, euskara bera babestea ere beharrezkotzat jotzen du. Euskal Autonomia Erkidegoan, azken urteotan, esparru honetan aurrerapauso handiak eman direla nabarmendu zuen osoko bilkuran, eta «guztion borondatea» eskatu zuen, «euskara eta elebitasuna sendotzeko konpromisoan».
Iñaki Irazabalbeitiak, honen aurrean, «Euskararen eguna izanda, elebitasuna aipatzea egokia ez» dela esan zuen. Hala ere, udal gobernuak, osoko bilkura bost minutuz eten zuten udalbatzako kideek, adierazpen bateratua osatzeko. Horrela beraz, «bizikidetzarako beharrezkoa den eleaniztasuna» adierazpenean txertatuz, Euskararen eguneko adierazpen instituzionala aho batez onartu zuten zinegotziek.
Presoen eskubideak hizpide
Antzeko zerbait gertatu zen plenoan, udal gobernuak euskal presoen eskubideen alde aurkeztu zuen mozioaren harira. Bilduk eta Aralarrek aurkeztutako mozioan, ziklo politiko berria aipatu zuten, eta presoen eskubide politikoak aplikatzea eskatu, «gizarteak hau eskatzen urte asko daramatzalako». «Munduan zehar egin den bezala, Euskal Herriko presoen auzia ere konpondu behar da», azaldu zuen alkateak. Era berean, herritarrei, «desberdintasun politikoen gainetik», datorren urtarrilaren 7an Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia zabaldu zieten.
Oposizioa ez zen ados agertu honekin, eta EAJ-PNVk mozio alternatiboa aurkeztu zuen, biktima guztien gaia azpimarratuz. Bozketa egin eta gero, oinarrizko mozioa onartu zen, aldeko 9 bozkarekin, aurkako batekin eta 7 abstentziorekin.
Udaltzainburuaren auzia
EAJ.PNVko taldeak, «udalaren funtzionamenduarekin kezkatuta» daudela azaldu zuen osoko bilkuran. Besteak beste, «gardentasuna eta partaidetza» udaletxetik kanpo bakarrik gauzatzea leporatu zion Jon Aldazabal jeltzaleak, Ibai Iriarte alkateari. Halaber, udaltzainburuaren karguarekin zer gertatu den ez dakitela esan zuten EAJkoek: «Hau ez da posible».
Udalaren helburua postuak finkatzea dela erantzun zion Ibai Iriartek: «Beti esan izan dugun bezala, postuak finkatu nahi ditugu, eta plazak lehiaketara atera». Bide beretik, lehengo udaltzainburuari kontratua pasa den irailaren 1ean bukatu zitzaiola ere aipatu zuen alkateak: «Administrazioan lan egiten dutenek plaza lortu egin behar dute, inork berariaz aukeratu gabe».
Kartelak jartzeko panelak
Olatz Peon jeltzaleak, kale garbiketari dagokion ordenantza izan zuen, hizpide erregu-galderetan. Besteak beste, ordenantza horretan aipatzen dena ez dela betetzen nabarmendu zuen, kartelak paretetan itsasten direlako; ordenantzan, Tolosako kaleetan zehar kartelentzako 17 panel jartzea aurreikusten da.
Panel horiek jarri nahi dituztela azaldu zuen Iriartek, «baina dirurik ez baldin badago, ezin dira jarri». Bide beretik, «jendeari ezin zaio esan kartelik ez jartzeko, panelik ez baldin badago», esan zuen alkateak. Honenbestez, panelak jartzeko aurrekonturik ezean, kartelekin orain arteko dinamika berarekin jarraituko dutela nabarmendu zuen: karteleko ekitaldiaren eguna pasatzen denean, kartela kenduko dute.
Zinegotzi berria
Jokin Bildarratzek Tolosako Udaleko zinegotzi postua utzi behar zuela iragarri zuen ikasturte hasieran. Pasa den astearteko bilkuran, aurreko legealdian ere zinegotzi izandako Ainhoa Etxeberria izendatu zuten zinegotzi.