Izaskun Arandiak (Tolosa, 1972) kazetaria izan nahi zuen, baina unibertsitatean ilusioa galdu, eta zine munduaren bueltan dabil egun, Ingalaterran. Ekoizle, gidoilari nahiz zuzendari lanetan aritzen da, eta eduki sozialeko fikziozko film labur onenaren saria jasoko du aste honetan Marbellan (Andaluzia, Espainia) ospatzen ari den Euro Film Festivalen.
Euro Film-en saria jasoko duzu If I wish really hard-rengatik. Zein garrantzia du sari honek zuretzat?
Film labur honen nazioarteko lehenengo saria da, eta izugarrizko ilusioa egin digu taldekideoi. Zinema jaialdi hau erakusleiho interesgarria izatea espero dugu, filma bera eta gure gainontzeko proiektuak Europako zine industriako profesionalen artean ezagutarazteko.
Zer kontatzen du film laburrak?
2010eko urrian estreinatu zen. Ingalaterrako familia multikultural baten desintegrazioari buruzkoa da, eta guztia haur baten ikuspuntutik kontatuta.
Gai sozialekiko interes berezia al duzu? Izan ere, The Laundrette Sessions film laburrean ere garbitegiek Ingalaterran duten eragin soziala jorratzen duzu.
Bai, dudarik gabe. Errealismo Soziala deritzon zinea dut gustukoen. Honek eragin handia izan du nire filmeetan. Mike Leigh, Ken Loach eta Andrea Arnold bezalako zinegileak atsegin ditut. Almodovarren filmak ere nire inspirazio iturria izan dira urte askotan. Nik, surrealismo soziala deitzen diot bere zinemagintzari; bera ez da ados egongo baina…
Azkenaldian To Say Goodbye film laburrean lanean ari zara ekoizle moduan. 1937an Euskal Herritik Ingalaterrara joan behar izan zuten hainbat haurren ingurukoa da. Nola doa pelikula? Ideia nondik sortu zen?
Orain bi urte gai honi buruz fikziozko gidoi bat idazten ari nintzen, eta erdi bidean informazio gehiago lortu nahian, Alicia Pozorekin, Southampton Unibertsitateko irakasle batekin, kontaktuan jarri nintzen, berak gai honen inguruan egindako ikerketa zela eta. Bere lantaldean, Ingalaterrara bidali zituzten 4.000 haur horietatik, Euskal Herrira inoiz itzuli ez zirenak elkarrizketatu zituen. Elkarrizketa guztiak entzun nituen, eta hor beste film interesgarriago bat zegoela pentsatu nuen. Beraz, lehendik idazten ari nintzen fikziozko gidoia bertan behera utzi, eta dokumental hau idazten eta ekoizten hasi nintzen buru-belarri. Animaziozko dokumentala da, ikus-entzule gazteak erakarri nahi ditugulako, eta bizirik geratzen diren ‘haur’ horiek gaur egun 80-90 urte dituztelako. Elkarrizketatu zituztenetik bi lagun zendu dira dagoeneko, eta beraz, film hau lehenbailen egin eta estreinatzeko premia sentitzen dugu.
Eta noiz ikusi ahal izango dugu?
Dena prest dago: gidoia, taldea eta koproduktoreak ere badauzkagu Euskal Herrian (REC estudioa). Baina produkzioa hasteko diru pixka bat falta zaigunez, Crowdfunding delakoa bururatu zaigu. Publikoak filma finantzatzea da sistema honen funtsa. Laguntza horren truke hainbat sari eskaintzen ditugu: zure izena kreditu tituluetan jartzea, ekoizle bihurtzea, 1937ko poster orijinalak eta estreinaldirako gonbidapenak ematea, eta abar. Finantzazio maila desberdinak daude, 9 eurotik hasita. Orain arte %7a bete dugu, baina asko falta zaigu gure helburura iristeko, eta urtarrilaren 9a baino lehen ez badugu diru guztia lortzen, ordura arte jasotakoa galduko dugu. Gure nahia 2012an estreinatzea da, datorren urtean ebakuazioaren 75.urteurrena beteko baita.
Eta produkzioa diruz lagundu nahi duenak zer egin behar du?
Lagundu nahi izanez gero, http://www.kickstarter.com/projects/1615586254/to-say-goodbye loturaren bidez egin daiteke, eta baita sare sozialak erabiliz ere. Facebook-en, adibidez, To Say Goodbye sartu behar da bilatzailean, taldea aurkitzeko, eta Twitter-en, berriz, @_ToSayGoodbye_ jarraitu behar da.
Noiz eta nola hasi zinen zinemaren munduan?
Idaztea eta zinea aspaldiko pasioak izan dira. Gainera, ama zine banaketan eta bikoizketan urte askotan zehar ibili izan da, eta horrek eragin handia izan du nigan.
Hemen, kultur arloan eta zineman lan egiten dutenek, krisi egoerak gogor jo dietela esaten dute. Gainera, ikusleek ere ez dute nola-hala zineko sarrera ordaintzen. Egoera bertsua da Ingalaterran, edo han beste kultura bat dago gauza horietarako?
Ingalaterran antzeko zerbait gertatu da eta zinera jende gutxiago joaten da. Hala ere, hango eguraldiak hemen baino gehiago bultzatzen du jendea zinera.
Egun hauetan Bilbon ospatu den Zinebi jaialdian epaile gisa aritu zara. Zein irizpide jarraitzen dituzue? Nolako esperientzia izan da?
Euskal Herriko Gidoilarien Elkartearen ordezkari bezala aritu naiz, elkarteak ematen dituen bi sari erabakitzen. Film laburrak ikusi eta beste epaimahikideekin irabazleak erabaki genituen. She´s Lost Control eta Más Cerca filmeei sariak ematea erabaki genuen. Irizpide nagusia filmeen gidoia izan da.
Zenbat urte daramatzazu Ingalaterran bizitzen?
Londresen zortzi urtez egon nintzen. Orain dela 4 urte, ordea, hegoladeko Plymouth-era joan nintzen bizitzera. Guztira 12 urte daramatzat Ingalaterran.
Tolosara askotan etortzen al zara? Itzultzeko asmorik baduzu?
Euskal Herrira urtean sei bat aldiz etortzen naiz, eta Tolosara ere bai. 2013an itzuliko naiz.
Nolako zinea kontsumitzen duzu? Film komertzialak ikusten dituzu?
Zinema kontsumitzen dudanean ahalik eta irekiena izaten saiatzen naiz. Esan bezala, gehienbat errealismo soziala eta auteur zinema gustatzen zaizkit, baina filme mota desberdinak ikusten ditut. Orain dela gutxi Drive ikusi nuen eta txundituta utzi ninduen.
Zerk piztu zizun zineman hasteko txinparta? Gogoratzen duzu txikitako pelikula gustukorik?
Nik txikitan kazetaria izan nahi nuen, eta kazetaritza ikasten hasi nintzen Leioan. Baina oso idealizatuta nuen lanbide hau, eta desilusio handia hartu nuen ikasketekin. Laugarren mailan Publizitatera pasa nintzen eta ikasketak amaitu ondoren ADUR telebista ekoizpen etxean lanean hasi nintzen. Orduz geroztik, ekoizpenarekin eta telebista munduarekin zerikusia duten lanak egin izan ditut. Zinema munduann Ingalaterrara bizitzera joan nintzenean hasi nintzen. Nire lehenengo film laburra, Dreams Come True, Patxi Revueltas aktore euskaldunarekin egin nuen, 2003an. Ordutik hona 7 laburmetrai egin ditut eta hainbat gidoi idatzi ditut.
Nolakoa da zure lan egun bat? Behar bada, zinegileen bizitza idealizatu egiten dugu batzuetan...
Nire lan egun normal batek ez du inongo glamourrik. Ordenagailu aurrean pasatzen dut eguna, jo eta su idazten, e-postak bidaltzen edo sarean ikertzen. Telefonoz ere asko hitzegin behar izaten dut. Ekoizle bezala antolakuntza lan asko egiten dut eta ni izaera saltserokoa naizenez, oso gustura egiten dut.