Hodeiertz abesbatzan hamasei urterekin hasi zen kantatzen. Hortik bi urtera, Enrike Azurza (Tolosa, 1967) zuzendari lanetan hasi zen. 26 urte eman ditu, beraz, Tolosako abesbatza hori zuzentzen. Kantabriako Koru Lirikoan hasi berri da zuzendari gisa, Santanderren (Espainia), eta horrek eragin du koru tolosarra uztea. Azurzak Kea ahots taldea eta EHUko abesbatza ere zuzentzen ditu, eta Musikenen irakaslea da.
Nolatan hasi zinen 18 urterekin Hodeiertz zuzentzen?
Federazioak antolatzen zituen zuzendari ikastaroekin hasi zen guztia. Solfeo zekitenak ikastarora joateko esan zuten, eta Hodeiertzeko batzuk joan ginen. Inma Elgezabalek, lehenengo zuzendariak, utzi zuenean, Javier Bustok esan zidan zuzendari jartzeko. Bera izan zen bultzatu ninduena zuzendari izatera.
Nolakoa izan zen hasiera?
Ilusio handiarekin. Nire pasioa izaten jarraitzen du. Azkenean nire lanbidea bilakatu da abesbatza zuzendari izatea.
Nola gertatu zen hori?
Hogeitagutxi urterekin, ikastaroak ematen hasi nintzen. Orduan, bide horretatik joaten animatu nintzen, eta beka baten bidez Stockholmera joan nintzen ikastera. Bi urtez izan nintzen han. Tarte horretan anaia Davidek zuzendu zuen Hodeiertz. Handik bueltan, erdizka egina nuen zuzenbide karrera utzi eta abesbatza zuzendari izatea jarri nuen helburu. Zaragozan koru bat zuzentzeko aukera atera zitzaidan, Abesbatza Kantuko Aragoiko Institutuarena, hain zuzen. Hor hamar urtez izan nintzen. Gero etorri ziren EHUko abesbatza eta Kea ahots taldea.
Zer suposatu du zuretzat Hodeiertz zuzentzeari uztea?
Pena handia eman dit. Esan daiteteke nire bizitza izan dela: hor hasi nintzen abesten eta bertan ikasi dut zuzentzen. Hogeitabost urtetan gauza asko bizitzeko denbora ematen du: munduan zehar bidaiatu dugu, sariak jaso ditugu... Azkenean zure proiektua, zure bizitza da. Bestalde, ikusten nuen beharrezkoa zela aldaketa bat egitea. Urte asko pasatu dira, eta denontzako ona da aldaketak egotea. Ez da ohikoena zuzendari batek hainbeste urtetan abesbatza batekin lotura izatea. Agian, hemendik denbora batera itzuliko naiz.
Zer esango zenuke Hodeiertzi buruz?
Hodeiertzek egitarau mota asko egiteagatik nabarmendu da. Musika berria egin dugu, Umama diskoa egin genuen, antzinako musika, musika modernoa, autore euskaldunen obra asko estreinatu ditugu... Horrez gain, oso talde berezia da: abeslariak buru-belarri aritu dira lanean. Entsegu asko egin izan ditugu.
Unerik berezienetakoa Varnako lehiaketa irabazi zenutenean izango zen, 1991ean.
Oso berezia izan zen. Abesbatza mistoa eta ganberakoa joan ginen hara. Bietan lehen saria, sari nagusia eta zuzendari onenaren saria eskuratu genituen. Azken hau Oreyako zuzendariarekin batera. Ezustekoa izan zen. Egitarau erakargarria eraman genuen, ondo kantatu genuen, dena buruz, eta horrek lagunduko zuen saria irabazteko.
Jorge Apodaca da oraingo zuzendaria.
Nirekin abestu zuen Zaragozako abesbatzan, eta Hodeiertzekin ere abestu du, errefortzu gisa. Abeslariek ezagutzen dute. Musikari eta abeslari oso ona da, eta zuzendaritzarako pasioa du. Hodeiertz esku onetan gelditzen da.