Hamalau urterekin etorri zen Ana Mary Ruiz (Mexiko Hiria, 1947) Tolosara, eta hemen bizi da harrezkero. Bere ama zenari buruz hitz egingo du gaur, Cecilia G. de Guilarte idazle eta kazetari tolosarrari egingo dioten omenaldian. Udaletxeko batzar aretoan ospatuko da jardunaldia, eta bere alaba Ana Mary Ruizez gain, literaturan nahiz kazetaritzan adituak diren hainbat lagunek hitz egingo dute erbestean urte askoz bizi izan zen idazle tolosarraz.
Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitzarekin aritu da erbesteari eta bere amaren lanari buruz.
Gaur La trilogía narrativa de Cecilia G. de Guilarte hitzaldia eskainiko duzu. Zertaz ariko zara?
Lehenik eta behin, argitaratu gabe dituen eleberri batzuk aipatuko ditut; izenburua behinik behin. Berak txikitatik idazle izan nahi zuen, eta hamaika urte zituela Bartzelonako egunkari batean artikulu batzuk argitaratu zizkioten. Kanariar Uharteetan ere artikulu oso anarkista batzuk argitaratu zizkioten, Italiako klaseen arteko borrokaz. 18 edo 20 urterekin Madrilera joan zen lanera, eta hori bere garaian ez zen ohikoena. Dena den, Madrilera joan aurretik lau eleberri labur argitaratu zituen. Gainerako hizlariek ez dituzte lau hauek aipatuko, eta nik gogora ekarri nahi izan ditut. Lau eleberri hauetako bat Pio Barojari eskaini zion, gainera. Mexikon ere argitaratu zuen eleberri bat, eta hona itzuli zenean beste bi. Beraz, nik kazetari lanaz gain, eleberrigilea ere izan zela gogoratu nahi dut gaur. Trilogiari dagokionez, bi liburu argitaratuak ditu, baina hirugarrena falta da; seguraski datorren urtean argitaratuko dugu. Garai hartan lan gutxiago izan zuen egunkarian eta irratian, eta beraz, erbesteari buruzko trilogia hau idatzi zuen. Liburu hauetariko batekin 1968an Planeta sariko finalista izan zen, eta hurrengo urtean Murtziako sariketa bat irabazi zuen lan berarekin. 1969an, gainera, Franco bizi zela, oihartzun handia izan zuen, nire amak behin baino gehiagotan esan baitzuen errepublikazalea zela.
Nolatan antolatu dituzue jardunaldi hauek?
Arantzazu Ametzagak, Tolosan zerbait antolatzeko proposatu zidan, eta Manuel Aznar Solerrek gero bultzadatxoa eman zidan omenaldia prestatzeko. Egia esan, kosta egin zait. Jardunaldira datozen guztiak oso lagunak ditut, eta guztiek hitz egin edo idatzi dute noizbait nire amari buruz, erbesteari buruz egiten ditugun mintegietan, eta abar. Zuk idazten duzunean eta liburuak argitaratzen dituzunean, jendea zurekin gogoratzen da. Amak erretiroa hartu zuenean, ez zion idazteari utzi, baina argitaratzeko interesa galdu zuen. Bera hil ondoren, normala da idazle berriek protagonismo handiagoa izatea, eta horrek ez dit inongo tristurarik sortzen. Bere garaia izan zuen. Nire ama Tolosatik irten zenez geroztik, ordea, nahigabez bizi izan zen, ez baitzuen bere herritik atera nahi. Bilbon edo Madrilen ere erbestean bezala sentitzen zen, eta zer esanik ez Frantzian edo Mexikon; idazle bezala bizitzeko aukera izan zuen, baina beti izan zuen malenkonia hori.
Nola oroitzen duzu zure ama?
Asko gogoratzen naiz berarekin, eta egun hauetan are gehiago, omenaldiaren kontuarekin. Tristura pixka bat etortzen zait, gainera. Oso harreman estua genuen, eta leku guztietara laguntzen nion. Tolosara, adibidez, bera baino bi urte lehenago etorri nintzen aiton-amonen etxera. Izan ere, berak baimena behar izan zuen, erbesteratua zelako, eta 1936ko gerrako berriemailea izan zelako. Maitasun handiz oroitzen dut, eta miresmenez ere bai. Izan dena baino gogoratuagoa izatea merezi zuela uste dut, oso idazle ona zelako, egia esan; niri oso ona iruditzen zait.
Eta zuk nola bizi izan zenuen Mexikon jaiotzea guraso erbesteratuekin, eta gero Tolosara etortzea?
Ni Mexiko Hirian jaio nintzen, baina gero Sonorara joan ginen bizitzera. AEBetako mugaren ondoan dago, Mexiko Hiritik 2.500 kilometrora. Rantxoetan bizi izan ginen beti, eta euskal etxeekin-eta ez nuen beste erbesteratu batzuek adina harreman izan. Erbestea tristuraz bizi izan dut, nire gurasoen egoera ikusita; esan bezala, nire amak izan zuen nahigaberik handiena, ez baitzuen sekula hemendik alde egin nahi izan. Tolosara etorri nintzenean, berriz, hamalau urte besterik ez nituen, eta ez nintzen guztiz konturatu bizitza osorako hona nentorrenik. Han, Mexikon, ez genuen seniderik; lagunak ziren gure senideak, eta gure osaba ez zen bati osaba deitzen genion, eta gure aitona ez zen bati aitona. Horrenbestez, han geundela beti somatu izan genuen familiaren hutsune hori. Beraz, Tolosara etorri eta nire aiton-amonak, osaba-izebak edo lehengusuak ezagutzea oso zirraragarria suertatzen zitzaidan. Etorri nintzen eta pozik nago.
Zerk bultzatu zuen zure ama Tolosara itzultzera?
Hasteko, herrimina zuen. Horrez gain, bere gurasoak artean bizi ziren, eta berriro elkartu nahi zuen eurekin. Nire aitaren gurasoak, adibidez, hil ziren, eta hark ez zuen halako herriminik. Nire ama 30 urtez egon zen erbestean, eta hona itzultzeko gogoari, 1959an izan genuen istripu larri bat batu zitzaion; lagun bat hil zen, eta beste hamabi zauritu ziren. Nire ama oso larri zauritu zen, eta hilzorian egon zen. Honek gurasoak gehiago ez ikusteko beldur hori areagotu ziola uste dut, heriotza gertu ikusi baitzuen. Orduan, ni etorri nintzen lehenengo eta gero bera nire ahizpetako batekin etorri zen. Aitak lasaiago hartu zuen dena, eta beranduago etorri zen, urte askoren ondoren.