1936ko gerra zela eta, erbestera alde egin behar izan zuen Cecilia G.de Guilarte tolosarrak. Kazetari eta idazle sena izan zuen nerabea zenez geroztik, eta erbestean nahiz jaioterrian aritu zen hezkuntza, kazetaritz nahiz literatura arloan. Bere izena daraman Tolosako Helduen Eskolak, Hamaika Bide elkarteak eta Bartzelonako Universitat Autonomako GEXEL ikasketa taldeak, Tolosako Udalaren laguntzaz, Cecilia G.de Guilarte omenduko dute bere jaioterrian, datorren azaroaren 22an.
Goizeko 10:00etan hasiko da jardunaldia, udaletxeko batzar aretoan. Bertan izango dira, aurkezpen ekitaldian, Ibai Iriarte Tolosako alkatea, Ana Mary Ruiz Garcia idazlearen alaba, Jose Angel Ascunce Hamaika Bide elkarteko zuzendaria eta Manuel Aznar Soler GEXELeko zuzendaria.
10:30ean, berriz, inaugurazio hitzaldia eskainiko du Arantzazu Ametzagak: El feminismo en Cecilia G.de Guilarte y Juana Inés de la Cruz.
11:45ean, atsedenaldiaren ondoren, beste hiru hitzaldi izango dira. Lehenengoa Bartzelonako Universitat Autonomako Manuel Aznar Soler-ek eskainiko du, Contra el dragón, obra teatral de Cecilia G. de Guilarte izenburupean. Jarraian, idazlearen beraren alabak, Ana Mary Ruizek, La trilogía narrativa de Cecilia G. de Guilarte hitzaldia eskainiko du. Goizeko saioa, Koikile hitzaldiarekin amaituko da; literaturan doktorea eta Hamaika Bide elkarteko idazkaria den Jose Ramon Zabalak eskainiko du. 14:00etan bazkaria izango da.
Arratsaldean, 16:30ean ekingo diete, berriro, hitzaldiei. Deustuko Unibertsitateko Jose Angel Ascunce hasiko da, Literatura en el exilio y literatura del exilio de Cecilia G.de Guilarte hitzaldiarekin. Jarraian, Julen Lezamiz ikerlari eta historialariak Cecilia G. Guilarte, reportera de la CNT eskainiko du.
Behin hitzaldiekin amaitura, Ana Mary Ruizek moderatzaile lanak egingo ditu 17:30ean hasiko den mahai inguruan. Lehenik eta behin, Tomas Elorzak Hondar ale bat Ceciliaren alde izeneko saioa eskainiko du. Cecilia G. de Guilarte periodista y mujer comprometida izenburupean, berriz, Marisol Garmendia Beloki ariko da; kazetaria eta Donostiako Udaleko zinegotzia da bera. Migel Lakunza historia irakasleak, Hermosillo en el recuerdo: crónicas envidiadas de Tolosa a Hermosillo izeneko hitzaldia eskainiko du. Azkenik, Beatriz Lirio kazetariak hartuko du hitza, Cecilia G. de Guilarte una mujer adelantada a su tiempo, crítica y luchadora saioarekin.
Azken hitzaldia 19:30ean izango da. Birmingham-eko Unibertsitatetik Monica Jato etorriko da, Cecilia G. de Guilarte y la escritura en la Historia hitzaldia eskaintzera. Cecilia G. de Guilarteren omenezko jardunaldiak amaierako hitzekin amaituko dira.
Frantzian eta Mexikon barrena
1920ko azaroaren 20an jaio zen Cecilia Garcia de Guilarte, Tolosan. Gurasoak kanpotarrak ziren, eta hona emigratu zuten. Bere aita Papelera Españolako langilea zen, eta CNTko militantea; pertsona erabakiorra izan zen idazlearen bizitzan eta bokazioan.
Cecilia G. de Guilartek nerabezaroan sentitu zuen idazle izateko grina; hamaika urte zituela, Bartzelonako aldizkari batek bere idatzi bat argitaratu zuen, eta urte gutxitan Madrilgo CNTko egunkari bateko berriemailea zen. Aurrerantzean hainbat lan egin zituen, bai kazetaritza testuetan, baita literatura testuetan ere.
1936ko uztailaren 18an, ordea, Cecilia G. de Guilarteren bizitza erabat aldatu zen, gerrako berriemaile izatera pasa baitzen; lehenengo emakumeetarikoa izan zen lan honetan.
Euskal Herriko iparraldeko guda oinari buruzko berriak ematea zen bere lana. Amos Ruiz Giron bere senarraren lanak lagundu zion, ordea, honetan. Izan ere, Agirre lehendakariak berak izendatu zuen idazlearen gizona, Euskal Herriko disziplina-batailoiko komandante. Hala ere, ezer gertatu baino lehen, Frantziara erbesteratzea erabaki zuten.
Bertan kazetari lanetan jarraitu zuen, Le Soud-Ouest egunkariak kolaboratzen. Frantzian ere, egoera gero eta zailagoa zen ordea, eta Mexikora alde egin zuten 1940. urtean. Mexikon kazetaritza lanak beste eginbehar batzuekin tartekatu zituen: irratiko gidoilaria izan zen, eta baita eleberri nahiz antzerkiko idazlea ere. Era berean, Sonora hiri mexikarreko unibertsitateko irakaslea ere izan zen, Artearen historia eta Antzerkiaren historia irakatsiz. Mexikon erbesteratuta egon zen urte guztietan egindako lanagatik, Cecilia G. de Guilarte kulturaren esparruari gehien eskaini dion pertsonetako bat da Mexikon.
Azken urteak Tolosan
1964an Tolosara itzuli zen idazlea, eta 1989an zendu zen arte bizi izan zen hemen.
Bere jaioterrira itzulera ez ziotzaion erraza suertatu, Mexikoren falta somatzen baitzuen.Gainera, bere bere alaba zaharrena eta bere senarra han geratu ziren; azken honek Franco hil arte ez zela itzuliko esan zuen.
Hau guztia dela medio, malenkonia eta sentipen gazi-gozoak izan zituen lehen urteetan. Hala ere, bere kazetari lanarekin eta idazle bezala jarraitu zuen. 1980an, ordea, La voz de España egunkaria desagertu zen, eta kolaborazioak idazteari utzi behar izan zion idazleak; bere aldetik, ordea, zuen literaturzaletasuna elikatzen jarraitu zuen. Azkenik, 1989ko uztailaren 14an hil zen Cecilia G. de Guilarte, Tolosan.