Mota guztietako indarkeria matxistak jorratuko ditu Zinemaldi Sozialak

Itzea Urkizu Arsuaga 2011ko azaroaren 16a

Mundu osoko indarkeria matxisten inguruko ikuspegi globalago bat emateko, nahiz indarkeriei aurre egiteko alternatibak erakusteko helburuz, Mugarik Gabe elkarteak antolatutako Zinemaldi Soziala Tolosan izango da beste urte betez.

Bosgarren urtez antolatuko du jada, Mugarik Gabe erakundeak Tolosako Udalarekin batera, Zinemaldi Soziala. Aurkezpenean udaleko berdintasun teknikaria den Josebe Iturriozek azaldu duenez, «oso lan garrantzitsua» egiten du erakunde honek, genero perspektiba lantzean». Iturriozen arabera, Gobernuz Kanpoko Erakunde gutxik jorratzen dituzte halako gaiak euren modura Euskal Herria mailan, eta indarkeriaren inguruko hausnarketa sakonak burutzen dituzte, gaia zeharlerro gisa landuz.

Tolosako Udalaren filosofia, arlo honetan, eragileeekin elkarlanean aritzea dela azaldu du Josebe Iturriozek, eta «krisi garai honetan, gainera, elkarlanak errekurtsoek bat egitea ahalbidetzen du».

Askotariko indarkeriak

Mugarik Gabe erakundeko Aitziber Eguzkitzak eta Xabier Martinezek azaldu dutenez, Zinemaldi Sozialak «oso ondo» funtzionatu izan du azken lau urteetan Tolosan.

Mugarik Gabe GKEak, indarkeria matxistez pluralean hitz egiten du, nahita: «Hilketatik, eta orokorrean, indarkeria fisikotik haratago dauden indarkeria motak irudikatu nahi ditugu». Hauetariko indarkeria batzuk ezagutu eta ikusten ez direnak direla diote, eta beraz, zine proiekzio hauen bidez, indarkeria psikologikoa, sinbolikoa, estrukturala nahiz ekonomikoa bezalakoak islatuko dituzte Leidor aretoko pantailan.

Azken urteotan gai honen inguruko sentsiblizazioa hazi egin dela konturatu dira Mugarik Gabe-ko kideak, baina: «Batez ere indarkerien ondorioen gainean lan egin dela uste dugu, eta ez horrenbeste arrazoien inguruan».

Zinemaldi Sozialaren egitasmoa Euskal Herriko mugimendu feministekin elkarlanean burutu dutela nabarmendu dute, eta biktimismotik eta morbotik aldenduriko kanpaina dela ere bai. Zinemarena, ordea, ez da ekitaldi bakarra izan. Tolosaz gain, Gipuzkoako hainbat herritan ere burutu dituzte zinema emanaldi hauek, Enfrentamos todas las Violencias Machistas, Patriarkaturik gabe denok jabe izeneko kanpainaren barruan. Besteak beste, Martxan dokumentalaren gauzatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuetan Zinema Mostra, erakusketa bat eta Bilbon egindako jardunaldi batzuk antolatu dituzte aurten, egitasmoarekin batera.

Bost pelikula Leidorren

Guztira, bost proiekzio izango dira, Zinema Sozialaren barruan, Leidor aretoan eskainiko dituztenak.

Datorren asteartean, 19:30etik aurrera, Tere Costa zuzendariaren ¿Por qué son importantes las mujeres? film mexikarra izango da lehen pelikula; indarkeria estrukturala jorratuko du filmak. Honen ondoren, Lorella Zanardo ren Il corpo de la done laburmetrai italiarra proiektatuko dute. Telebistak emakumeen gorputza nola erabiltzen duen islatuko du, eta indarkeria sinbolikoaren isla izan nahi du. Azkenik, Pantojismo laburmetraia eskainiko dute. 13 minutuko film laburra Bartzelonan buruturikoa da, eta erregistro informalagoa darabil, maitasun harremanetan ere sistema patriarkalaren eraginik badela erakusteko.

Azaroaren 29a izango da Zinema Sozialaren bigarren eta azken eguna. 19:30ean hasiko dira filmeak, eta 20 años izeneko Barbaro Joel Ortiz kubatarraren film laburra eskainiko dute lehenik. Animaziozko pelikula honek, plastilinazko panpinen bidez tratu txarren gaia jorratuko du. Jarraian, Euskal Herrian bertan Mugarik Gabe eta mugimendu feministen artean ekoitzitako Martxan dokumentala izango da; mundu guztiko emakumeak izango dira protagonista. Bi saio hauek amaitu eta gero, eztabaidarako tartea izango da Leidorren.

Aipatzekoa da, emanaldi bakoitzaren aurretik, ZureVision SocialVision IV izeneko spot sozialen lehiaketako hainbat spot ikusi ahal izango dituztela bertaratuek; kaleko jendeak bere baliabideekin grabaturikoak dira.

‘Rutina’ zine forumean

Iazko Beldur Barik lehiaketan, Cristina Gomez tolosarrak saria jaso zuen Rutina film laburrarekin.

Hain zuzen ere gaur izango da Cristina Gomezen Rutina laburmetraia ikusteko aukera. Leidor aretoan ostegunero izaten den zine forumaren ondoren eskainiko dute, 19:15ean eta 21:45ean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!