«Errealitate bihurtzen ari da beti nahi izan dudana»

Imanol Garcia Landa 2011ko azaroaren 15a

Denbora gutxian Amaia Ruizen (Tolosa, 1986) bizitzak aldaketa handia izan du. Interpretazioa ikasten hasi eta hortik gutxira Goenkale telesailan parte hartzen hasi da. Malen da bere pertsonaia.

Nola sartu zinen aktore izateko bidean?

Beti gustatu izan zait, baina ez zegoen ezer guztiz bultzatzen zidana antzerkian hasteko. Administrari bezala nengoen enpresa batean lanean, eta nire nagusiak esan zidan ea zergatik ez nintzen antzerkia egiten hasten. Niretzako bultzada bat izan zen. Orduan izena emanda nengoen Donostiako publizitate agentzia batean, eta hor bertan erakusten zuten antzezten. Eta hastea pentsatu nuen, baina hobby bezala. Ez nekien nora nihoan, ezta zer sentituko nuen.

Ikusten denez, bide horretatik jarraitu zenuen.

Oso kuriosoa izan zen: hainbeste gustatu zitzaidan, administrari lana uztea eta Madrilera interpretazioa ikastera joatea erabaki nuela. Bi urte Donostian ikasi ondoren, Madrilen urtebete egin dut. Madrilen hiru urteko ikasketak hasi nituen. Proba bat egin nuen eta bigarrengo urtean sartu nintzen. Eta ikasketak bukatu gabe, maiatzean deitu zidaten Pausoka produktoratik, pertsonaiaren perfilean sartzen nintzela eta casting-a egiteko. Ekainean abisatu zidaten aukeratua izan nintzela. Eta ni, oso pozik, Tolosara itzuli nintzen, lanean hasteko.

Zure lehenengo papera Goenkalekoa izan da, beraz.

Madrilen film labur batzuk egin nituen, eta Interneterako sail batean ere parte hartu nuen. Esperientzia polita izan zen, emaitza asko ez gustatu arren. Aktoreei ez ziguten gehiegi zuzentzen. Antzerkiaren aldetik, Donostian egon nintzen bi urteetan, antzerki talde amateurrentzako lehiaketa bi aldiz irabazi genuen. Madrilen ere beste obra batean aritu nintzen. Garrantzitsuena, dudarik gabe, Goenkalen parte hartzea.

Ez da ohikoena Goenkale izatea lehenengo pausoa, ezta?

Egia esan, oso zorte handikoa sentitzen naiz. Nire asmoa Madrilen falta zitzaidan beste urtea amaitzea zen, eta bat batean, casting-a egin ondoren, niri deitzea… Errealitate bihurtzen ari da beti nahi izan dudana. Eta zer polita den benetan gustatzen zaizun horretan lan egitea. Goizean jaikitzen naiz lanerako, eta esaten dut: ‘Zein ondo’. Niretzako egunero erronka bat da. Asko betetzen nau lan honek pertsona bezala.

Telesailean aktore gazteak zaudete, baina baita eskarmentu handikoak ere.

18. denboraldia da hau. Ez dut uste hasiera hasierako norbait dagoenik bertan, baina, esaterako, Ainhoa Aierbe uste dut laugarren denboraldian hasi zela, eta beraz, hamalau urte daramatza sailean. Berarekin hitz egiten duzu, eta esaten dizu nola ia egun berdinean ikasten dituen testuak. Ni hiru egun lehenago hasten naiz. Ikusten duzu berak erraztasuna duela bai ikasteko eta bai inprobisatzeko ere. Ni harrituta geratzen naiz. Sailean nire aita denak, Ramon Agirrek, izugarrizko eskarmentua du. Berarekin lana egitea luxu bat da. Pila bat ikasten dut bere ondoan. Berak duen segurtasuna zuri ematen dizu, eta horrek beste patxada batekin joateko bidea ematen dizu.

Nola deskribatuko zenuke zure pertsonaia?

Nire pertsonaia oso aberaskumea da, baina ez da ohiko aberaskume txolina, ezta gutxiago ere. Bihotz handikoa da, eskuzabala, bizitza oso positiboki begiratzen duena, energia altuko pertsona, oso sentibera... Jendeak pertsonaia begitan hartua du, hain atsegina izanik, zerbait ezkutatzen duela pentsatzen baitu.

Zaila da interpretatzea?

Hasiera batean asko kostatu zitzaidan zer puntutaraino izan behar zuen aberaskumea. Nik ez nuen nahi klixe bat egin. Naturaltasun batetik abiatu nahi nuen. Hasiera batean nahi zuten pertsonaia aberaskumea zela garbi nabaritzea. Gero pixka bat jaisten joan gara aberaskumearen ukitu hori.

Nolakoa izaten da grabaketa egun bat?

Niri, gehienetan, lehenengoa izatea tokatzen zait. Zazpiak laurden gutxiagotan sartu eta hiruak laurden gutxiagotan ateratzen gara. Ordutegia ez da batere txarra, baina goiz esnatu beharra dago. Kontzentrazioa landu behar duzu. Sekuentzia batetik bestera asko aldatzen da egin behar duzuna, eta zentratuta egoten saiatu behar zara.

Egunero izaten duzu grabaketa?

Tramaren arabera izaten da. Ni astean bi egunetan joan ohi naiz. Aste honetan astelehenean eta ostiralean tokatzen zait, hurrengoan asteartean eta asteazkenean. Beraz, bizitza pixka bat ez egonkorra da, alde horretatik.

Kanpoko grabaketak Tolosan egiten dituzue. Horrek zer suposatzen du zuretzako?

Jendeak esaten dit: ‘Zer ondo, Tolosan grabatzen duzuela’. Ba ez zait batere gustatzen. Kontzentrazio gutxiago daukazu, jendea pasatzen delako, edo euria hasten delako... Miramonen, aldiz, konzentratuta egotea errazagoa da. Asko maite dut Tolosa, baina nahiago ditut Miramoneko grabaketak.

Askotan esan ohi da aktore bizitza oso polita dela. Zer esango zenuke zuk?

Benetan gustatu behar zaizu lan hau, bestela ezin duzu egin. Nik uste dut barrutik datorren gauza bat dela hori. Argi dago ez dela dena hain polita. Ni gustura nago benetan hau egitea gustatzen zaidalako.

Goenkalen ateratzeak ezaguna izatea dakar. Nabaritu duzu hori?

Hasieran nire ezagunek esaten zidaten zerbait. Orain aiton-amonek, haurrek, edo, kiroldegian ere esaten didate: ‘Zu Goenkalen ateratzen zara’. Aurrekoan kuriosoa izan zen. Kaletik nindoan lagun batekin, eta neska batzuk gerturatu ziren eta nirekin argazki bat ateratzeko eskatu zidaten. Eta, nik, ‘ze ba?’ galdetu nien. Eta beraiek erantzun: ‘Baina ez zara Goenkalen ateratzen zarena?’. Eta orduan konturatu nintzen. Oraindik ez daukat barneratuta  jendeak ezagutu nazakeela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!