Euskara gizarte harremanetako ohiko hizkuntza bilakatzea da Tolosako Udalaren helburua. Bide honetan, eta udalaren esanetan, «euskararen normalkuntzak helburu bat du: erabilera». Helburu horretara iristeko ibili beharreko bideez ariko dira bihar, udaletxeko batzar aretoan, Hizkuntza politika eta Hezkuntza batzordeak, 18:30erako deitu duen bileran.
Euskara herriko esparru guztietan normalizatzeaz gain, «udalaren jardun-esparru osoari dagokion zeharlerroa» dela uste du Hizkuntza politika eta Hezkuntza batzordeak: «Udal agintariek eredu izan behar dute euskara erabiltze kontuan».
Horrez gain, ordea, hizkuntzaren normalizazioa «gizarte osoak bideratzen duen aldaketa soziokulturala» dela azaldu dute; Tolosako euskalgintzak eragin eta eskatu egin behar duela diote, eta hizkuntza normalizazio ekimen askoren protagonista izango dela. Honenbestez, hizkuntzaren normalizazio prozesuan hiru zutabe nagusi aipatu ditu udalak: politikariena, euskaltzaleena eta eragileena.
Esparruz esparruko lana
Hizkuntza politika eta Hezkuntza batzordeak bihar arratsaldeko bileran azalduko duen moduan, euskararen normalizaziora esparruz esparru, hainbat ekimenen bidez heltzea da helburua.
Udalaren beraren kasuan, esaterako, Tolosako Udalak badu, lehendik ere, euskara normalizatzeko bere plana: «Datorren urtean amaituko da eta hurrengo bost urteetarako berria idatzi beharko dugu 2012an». Bide beretik, udalak parte hartzen duen erakunde autonomoetan ere erabilera plangintza martxan jartzeari garrantzia eman diote: Iurreamendi, Tolosa Lantzen, Tolosa Gasa, Tolargi, Errentengibel, eta abar. Udalaren esparruan, bestelako aurreikuspenak ere azalduko dituzte biharko bileran: indarrean dagoen erabilera plana koherentziaz aurrera eramatea, hizkuntza eskubideen aldeko kanpainak abian jartzea, UEMAko kide egitea edo euskararen erabilera arautuko duen araudia sortu eta martxan jartzea, besteak beste.
Haur eta gazteen esparrua ere, udalaren jomugetako bat da euskararen normalizazioaren bidean. Tolosan, haur eta gazte guztiek, aurki D ereduan ikasiko dute, «B eredua desagertzeko zorian» baitago. Hala ere, udalaren erronka nagusia haur eta gaztetxoen artean euskararen erabilera eta euskarazko aisialdi eta kultura eskaintza egokiak lortzea da: «eskola giroko erabileraz haratago, eskolaz kanpoko jardueretan erabilera sustatzea izango da lan ildo nagusietako bat».
Erabilera esparru honetan, etorkinen seme-alabak ere hizpide izango dira Hizkuntza politika eta Hezkuntza batzordeko bileran. Izan ere, haur eta gaztetxo hauek euskaraz ikasiko dute, eta «epe laburrean euskara maila ona lortu beste erremediorik ez dute izango». Hau kontuan izanik, udalak neska-mutil etorkinen euskara indartzeko hainbat saio eskaintzea ere aurreikusi du.
Haur eta gaztetxoek, ordea, nekez izango dute euskararekiko jarrera egokirik, gurasoek ez baldin badute. Honen harira, beraz, euskarazko kultura eskaintza areagotu edo Tolosako paisaje linguistikoa nagusiki euskarazkoa bilakatu nahi du udalak, besteak beste.
Bestelako neurriak
Aipaturiko gizarte talde hauez gain, Tolosako Udalak bestelako ekimenak egiteko asmoa azaldu du. Hauetariko batzuk aurkeztu dituzte jada, hala nola, Cardiff-ekin sinaturiko Comenius Regio hitzarmena. Horrez gain, ordea, Euskararen Erregelamenduaren berrikustea, Hizkuntza politika eta Hezkuntza alorreko langileen prestakuntza eta euskararen erabileraren inguruko neurketak ere, plangintzaren barruan sartu dituzte.