Pasa den urtarrilean, Elena Cal hil zuen gizonari zinpeko epaimahaiak arduragabeko erailketa egotzi eta gero, epaileak hiru urte eta erdiko espetxe zigorra jarri dio. Epailearen idatziak, Pablo Jorge Simon hiltzaileak «alkoholarekiko menpekotasun larria» zuela dio, eta horrek eragina izan zuela gertakarian. Fiskalak hamalau urteko espetxe zigorra eskatzen zuen arren, azkenean hiru urte eta erdiko zigorra bete beharko du, eta era berean, 92.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio Elena Calen orduko bikotekideari. Tolosaldeko Bilgune Feministak nahiz Tolosako Udaleko berdintasun teknikaria den Josebe Iturriozek, Elena Cal eskalea zenaren «aitzakia» erabili dute, hiltzailearen kondena jeisteko.
Epaileak, esan bezala, hiru urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Calen hiltzaileari. Hilketa nahita ez zuela egin esan du epaileak, eta zuhurtzagabekeriazko homizidioa izan zela. Pablo Jorge Simao hiltzaileak berak, Elena Cal hil izana aitortu zuen epaiketan, baina bere asmoa hori ez zela gaineratu zuen.
Duintasuna defendatuz
Tolosaldeko Bilgune Feminista, bere aldetik, ez da ados agertu epaiarekin: «Emakumeen aurkako indarkeria horrela ordaintzen bada jendarte honetan, zein emakume ausartuko da bere erasotzailearen aurkako salaketa jartzen, sistemaren aldetik inolako babesik ez duela izango jakinda?». Bilgune feministak, beraz, emakume erasotuak, lehenik eta behin, gizarteko arlo guztien babesa (epaitegiena, erakundeena, poliziarena, osasungintzarena, eta abar) behar duela aldarrikatu du.
Era berean, Elena Calen estatusak epaiean zerikusia izan duela dio Bilgune Feministak: «Behin eta berriz ari dira nabarmentzen komunikabideetan, Elena Cal kalean bizi zela, eskalea zela. Eta zer? Beste behin ere agerian geratu al da herritar guztiok ez garela berdinak legearen aurrean?». Honen aurrean, «jendarteak jarrera hauek ezin dituela babestu» uste dute Bilgune Feministako kideek: «bere duintasuna ekarri nahi dugu hona, epaile eta sistema kapitalista patriarkalak lur azpian utzi nahi izan duen duintasuna».
«Legeak bete ditzatela»
Josebe Iturrioz, Tolosako Udaleko berdintasun teknikaria, hainbat puntutan bat dator Bilgune Feministarekin.
Genero indarkeria identifikatzea kosta egiten dela salatu du hasteko: «Elena Calen kasuarekin, hasiera-hasieratik mahai gainean jarri zen eskalea zela». Gainera, Ertzaintzak ere hasiera batean hilketa ez zuela indarkeria genero bezala sialkatu azaldu du Iturriozek.
Duela urte bete jasotako labankadarena, Elena Calek jasandako lehen genero indarkeria ez zela izan ere nabarmendu nahi izan du Josebe Iturriozek: «Elena Calen genero indarkesia bizitza osoan jasan zuen. 16 urterekin bortxatua izan zen, eta alaba Galizian utzita etorri zen hona. Bortxaketa haren ondorioz, eskizofrenia sortu zitzaion gainera». Horrela beraz, indarkeria matxista Calen bizitzan «erabakiorra» izan dela esan du Iturriozek.
Hiltzaileari jarri dioten zigorraren inguruan, berriz, desados azaldu da Iturrioz ere: «Ni ez naiz kondena igotzearen eta antzeko gauzen aldekoa, baina argi dago emakume bat txabola batean erailtzen dutenean, jendeari ez zaiola axola. Momentu honetan emakume bat hiltzea ez da garrantzitsua; Euskal Herrian, adibidez, garestiago ateratzen da kutxazain bat erretzea, emakume bat erailtzea baino». Iturriozek legeak bete epaileek legeak bete ditzatela eskatzen du.