LAB sindikatuak eskualdeko egoera ekonomikoarentzat alternatiba bat aurkeztu du

Itzea Urkizu Arsuaga 2011ko azaroaren 11

Gaur goizean prentsaurrekoa eskaini du LAB sindikatuak, Antonio Maria Labaien kultur etxean. Gezurretan ari zarete kanpainaren aurkezpena egitearekin batera, egungo krisi egoeraren inguruko hausnarketa bat egin dute, azken hiru urteotan erakunde politiko eta enpresarialek hartutako erabakiek "ezertarako ez dutela balio izan" salatuz.

Tolosan bertan, 2008az geroztik, langabezia %69 igo dela diote, eta Gipuzkoan, berriz, %86. Erakundeek hartutako erabakiek "ongizate estatua ahalik eta gehien txikitu" dutela esanez, eskualderako eta Euskal Herrirako alternatiba bat proposatu dute. "Lanaren banaketan oinarritutako kalitatezko enplegu estrategia" nahi dute, lehenik eta behin. Bide beretik, "babes sozialaren sistema duina" eta "euskal pentsio sistema publikoa" ere aldarrikatu dituzte. Azken puntu gisa, sindikatuko ordezkariek euskal sektore publiko sendo, eraginkor eta indartsuaren beharra nabarmendu dute, "emakume eta gizonen arteko aukera berdintasunarekin".

Azkenik, alderdi politikoen nahiz erakundeen aldetik "egoera honi aurre egiteko borondatea azaltzen dutenekin batera lanean aritzeko prest"daudela azaldu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!