Tolosako hainbat herritar eta ordezkari politikok Amaiur koalizioaren aldeko agerraldia egin dute. "Gure herriaren bozgorailu" izatea nahi dute koalizioari babesa eman diotenek, eta "Euskal Herriari dagozkion eskubideak onartzearen exijentzia Madrilen ere ozen entzutea" nahi dute. Amaiur koalizioak ordezkatzen duen "ezkerreko abertzale, soberanista eta independentisten batasunak" balio "izugarria" duela esan dute. "Indar ezberdinen arteko elkarlanak, egunez egun gehiago izan eta talde bakarra sortzearen bokazioarekin, herri hau behin betiko bake justu eta duinera eramateko motorra" izan behar duela azaldu dute.
Indar metaketaz gain, azaldu dituzten beste puntu garrantzitsuak gatazkaren aterabide demokratikoa, burujabetza eta bestelako eredu sozial bat eraikitzea izan dira. Agerraldian Tolosako hainbat esparrutako pertsonak eta ordezkari politikoak izan dira, eta azaroaren 20an Amaiurren aldeko botoa emateko eskatu dute.