«Sekulako ilusioarekin hartu dut txapelketan parte hartzea»

tolosa 2011ko azaroaren 10a

Xanti Aizpuruarentzat (Tolosa, 1975) txapelketa berezia da aurtengoa, lehenengo aldiz parte hartzen duelako. Bikote moduan, Koteto Ezkurra du, eta aurreko asteburuan jokatu zuten lehenengo partida irabazi zuten. Larunbatean Zeberio eta Ion bikotearen aurka jokatuko dute.

Zer suposatzen du zuretzat lehenengo aldiz binakako txapelketan parte hartzea?

Gauza handia da. Urte hauetan erremontea kili-kolo ibili da. Berriro martxan jartzea eta horrelako aukera bat izatea ni bezalako pilotari batek, urte batzuk daramatzana honetan, sekulako ilusioarekin hartzen da. Beste torneo batzuk jokatu ditut, pilotari horiekin, baina ez binakako txapelketa.

Aurretik espero zenuen parte hartuko zenuela?

Aurretik ez dute abisatzen. Azkenengo unera arte ez dute argi izaten zeinek jokatuko duen. Aurten suposatu dugu aukera asko genuela. Atzelari batzuk lesionatuta egon dira, eta joko onarekin harrapatu gaitu. Aurten ikusten nuen aukerak nituela, eta halaxe atera da.

Nola hartu zenuen zure bikotea Ezkurra izango zela jakitean?

Ilusio handiarekin. Azken urteetako pilotari handienetako batekin jolastea ilusioa handia ematen du. Gainera txapelketan asko jokatzen du. Orain badaude gerturatzen ari zaizkion pilotariak, baina oraindik hor dauka bere maisutasuna.

Nola ikusten duzu txapelketa?

Nahiko gogorra ikusten dut. Bi bikote oso indartsu daude, batez ere Zeberio eta Ion. Zeberiok beti ematen du gehiena, eta berak ditu txapel gehienak. Zeozer berezia du txapelketa honek, eta bere  bikotea ere une onean harrapatu du. Gero, Urriza oso jotzailea da eta bere aurka tokatzen bazaigu, oso zaila izango da berari irabaztea.

Aurreko asteburuan, lehenengo partidan irabazi egin zenuten. Nola joan zen neurketa?

Faborito gu ateratzen ginen, nahiko garbi, eta presio pixka bat ematen zigun horrek. Baina, hasieran hotz samar hasi nintzen. Pilota pare bat galdu nituen, eta jokoan gehiegi sartu gabe aritu nintzen. Behin hamar-hamabi tantotik aurrera, izerdia botatzen hasi nintzenean, jokoa gehiago sartu nintzen eta Ezkurrak ere tantoak egiteko aukera gehiago izan zuen, eta orduan eman genion buelta partidari.

Zure lehen parte hartzean, lehenengo partida irabaztea, berezia izango zen.

Bai, garrantzitsua da. Azkeneko hilabeteetan partida dezente jokatu ditut batera, eta gehienak irabazita. Baina txapelketetakoak dira irabazi beharrekoak, eta ondo atera zitzaigun.

Larunbatean Zeberio eta Ionen aurka duzue partida. Esan duzun bezala, bikote zaila izango da, ezta?

Bere jokoa egingo dute. Pentsatzen dut jokoa niri kargatzen saiatuko direla, eta nahiko lan izango dudala. Nik uste dut, aguantatuz gero, irabaztea dagoela, baina ondo jolastu behar da. Nahiz eta 32 edo 33 tanto egin, finalerdietarako sailkatuta egongo garen, horri ez zaio begiratu behar. Gu irabaztera joango gara eta ea zer ateratzen den.

Estrategiarik pentsatu duzue?

Partidan aurretik ez dugu asko hitz egiten. Akaso aldagelan edo partidan zehar bi hitz egiten ditugu. Aurretik badakigu zeinen kontra jokatu behar dugun eta nola ariko diren.

Tolosatik edo ingurutik joaten dira partidak ikustera?

Finalerdietan ematen da salto handiena. Hor jende gehiago pilatzen da. Giroa asko aldatzen da txapelketa denean. Kantxara ateratzen zarenean, ikusleei begiratzen diezu eta giroa desberdina izaten da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!