Gainditzen Tolosaldeko eta Goierriko pertsona gorren elkarteak zeinu hizkuntzan egindako Nazioarteko II. Film Laburren Jaialdia antolatu du Tolosan. Bihar eta etzi hainbat ekitaldi prestatu dituzte, nahiz eta egun handia bigarrena izan. Jaialdiaren barruan, sei naziotako hemeretzi film labur ikusteko aukera egongo da Leidor aretoan. Luzeenak 30 minutuko iraupena izango du, eta laburrenak sei minutu eskasekoa.
Bi saiotan banatu dute jaialdia, eta arratsaldekoa amaitzen denean, sari banaketa ekitaldia egingo dute. Antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu dituzte jaialdira, zeinu hizkuntzaren erabiltzaile izan edo ez, izan ere, filmak azpititulaturik egongo dira.
Julian Rodriguez elkarteko kide eta jaialdiaren antolatzaileak esan duenez, «nabaritzen da jendeak gogoa duela ekitaldiak hasteko. Posta elektroniko asko eta dei asko jaso ditugu, ilusio handiz, informazio gehiago eskatzeko. Jendeak ere galdetu dit egunotan, kalean, jaialdiari buruz». Lan handia egin dute Gainditzen elkartetik jaialdia bigarren urtez antolatzeko, eta bere kideei hori nabaritzen zaie.
Aste honetan egin dute jaialdiaren aurkezpena, Rodriguezek eta Alberto Etxeberria elkarteko lehendakariak. «Larunbatean esku asko egongo dira mugitzen Tolosan», esan dute, pozik.
Film laburrak beraien artean lehiatuko dira sariak irabazteko. Dagoeneko epaimahaikoek ikusi dituzte film laburrak eta badute gutxi gorabeherako epaia. Halere, Rodriguezek esan duenez, «eztabaida handia dute epaimahaikoek, pelikulak kalitate handikoak direlako». Publikoak bere saria emateko aukera izango du.
Erakunde publikoekin kritiko
Film laburren jaialdia Gainditzen elkarteko Julian Rodriguezek ekarri zuen Tolosara. Duela lau urte Europan zehar bidaian zela, zeinu hizkuntzako jaialdi batean egon zen, eta ideia asko gustatu zitzaionez, bere bizilekuan praktikan jartzea erabaki zuen.
Ekimenak jendearen aldetik erantzun «ona» izan zuen iaz. Rodriguezen esanetan, «guztira 350 ikusle etorri ziren». Aurten 500era iritsi nahi dute. Sarrerak www.gainditzen.org webgunean eskuratu daitezke, eta Leidorreko lehiatilan jaialdia hasi aurretik.
Erakunde publikoen babesa, ordea, ez da horrenbestekoa izan jaialdiaren antolatzailearen esanetan: «Diru laguntzak kendu dizkigute, eta oraindik ez dakit ongi hori zergatik izan den. Foru Aldundiarekin eta udalarekin hitz egiten egon gara, eta erantzunaren zain gaude. Jaurlaritzak berriz, laguntza kendu digu. Zergatik? Ez dakit».
Egitaraua
Azaroak 11, ostirala
17:30. Partaideei ongietorria Oria hotelean.
18:30-20:30. Pertsona gor, itsu eta gor-itsuen inguruan zeinu hizkuntzan egindako filma, Topic aretoan.
21:00. Afaria jubilatuen etxean.
Azaroak 12, sabado
09:00. Gosaria jubilatuen etxean.
09:30. Tolosan barrena ibilbidea: Euskal Herria plaza, Berdura plaza, Santa Maria eliza, udaletxea eta Zerkausi.
10:30-13:30 eta 16:00-19:00. Zeinu hizkuntzan egindako Nazioarteko II.go Film Laburren Jaialdia.
p21:00. Sagardotegi afaria.