Tolosaldeko alkate guztiek, Legorretakoarekin eta Andoaingoarekin bat eginik, agerraldia egin zuten pasa den asteartean, Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) plataformak datorren larunbatean, eguerdiko 12:00etan Trianguloa plazan, deitu duen manifestazioarekin bat egingo dutela azaltzeko.
Orain dela hilabete batzuk ere bildu ziren 30 alkateak, TOPAren aldarriekin bat egiteko. Besteak beste, eskualdean «Osakidetzak ematen duen osasun zerbitzua salatu nahi» dute.
Agerraldian, herritarrak aipatuz hasi ziren alkateen ordezkariak; izan ere, «eskualde honetako herritarrek osasun zerbitzu publiko baten aldeko aldarria» egin dutela nabarmendu zuten, plataformak jasotako 16.000 sinadurak aipatuz. Bide beretik, azken hilabeteotako, «manifestaldi jendetsuak» ere gogora ekarri zituzten.
«Osakidetza entzungor»
Tolosaldeko osasun zerbitzuaren inguruan sortutako auzian, 30 alkateak Osakidetzari begira jarri dira: «Entzungor egiten dio eskualdeko herritarren oihu argiari, entzungor zerbitzua jasoko duten herritarren eskariari». Horrela beraz, beste behin ere, «Osakidetzak erakutsitako jarrera itxia» salatu zuten Tolosako udaletxeko batzar aretoan elkartu ziren alkateek. Asuncion klinika eta Osasun saila sinatzera doazen konztertu berria erabaki antidemokratikotzat dute eskualdeko, nahiz Legorretako eta Andoaingo udal ordezkariek, eta «herritarren eta erakundeetako ordezkarien gehiengoaren aurkako erabakia da».
2012ko urtarriletik aurrera martxan jarriko da, Tolosalderako prestatutako osasun sistema berria. Eskualdean ospitale publikoaren faltari, krisi garaian, irtenbide bat emateko modu bat dela azaldu izan dute Asuncioneko eta osasun saileko ordezkariek. 30 alkateek, ordea, «krisia argudio moduan erabili nahi» dutela diote: «Euskal Autonomia Erkidegoan osasun zerbitzuaren inguruko esperimentu bat egin nahi dutela iruditzen zaigu. Hau beste eskualdeetara zabaldu aurretiko froga dela deritzogu».
Hitzarmena ez gauzatzeko
Agerraldian bildu ziren alkateek, TOPAren aldarriekin bat egiteaz gain, eskualdeko herritarrak «bigarren mailakoak izatea» ez dutela nahi azaldu zuten. Osakidetzak Tolosaldeko biztanleekiko zor historiko bat duela uste dute, eta zor hori kitatzea nahi dute: «Eta ez egin nahi duten moduan, areagotzea».
Horrela beraz, osasun arduradunei mezu bat helarazi nahi izan zieten eskualdeko udal ordezkariek: «Asuncion klinikarekin sinatu beharreko hitzarmena ez gauzatzea eskatzen diegu; espezialitateak Asuncion klinikaren esku ez uztea».
Ibai Iriarte Tolosako alkateak azaldu zuenez, Osasun saileko lurraldeko ordezkaria den Jesus Mari Begiristainekin hitz egin zuen agerraldia baino egun bat lehenago, eta Asuncion klinikarekin sinatzekoak ziren hitzarmena, arazo batzuk medio, ez omen dute sinatu. Hala ere, «akordioa sinatu egingo dutela azaldu zidan argi eta garbi, eta atzera bueltarik ez duela izango», dio Ibai Iriartek.