Euskadiko Frisoi Federakuntzak eta Gipuzkoako Frisoi Elkarteak hitzaldia antoladu dute esneari buruz, bihar, Tolosako batzar aretoan, 19:00etan. Bittor Rodriguez (Bergara, Gipuzkoa, 1974) EHUko Farmazia Fakultateko Nutrizio irakasleak emango du solasaldia, Esnea, elikagai osoa izenburupean. Joan den urtean, aurreneko aldiz, esneak osasunarengan duen eraginaren inguruan hitzaldia antolatu zuten. «Harek izan zuen arrakastaren ondoren, aurten ere beste hitzaldi bat antolatzea erabaki dugu», azaldu dute antolatzaileek.
Hitzaldiaren izenburuak adierazten duenez, esnearen balio nutrizionalei buruz ariko zara, besteak beste.
Hori hitzaldian esango dut, baina gauza berririk ez dagoenez horren inguruan, badaude beste pisuzko arrazoiak esnea elikagai osoa dela argudiatzeko.
Eta zeintzuk dira horiek?
Besteak beste, bere jatorria; hau da, naturala dela. Definizioz, elikagaia den bakarra da. Kontuan hartzen badugu gizakiak bere dietan dituen beste elikagai guztiak, naturan badute funtzio bat zehazki elikatzea ez dena. Adibidez, hazi bat edo zereal bat: landare bat ematea da bere funtzioa. Edo animaliak: elikadura katean badute nolabait esateko, funtzio bat, baina bere berezko funtzioa ez da jana izatea. Esnea da naturak diseinatu duen elikagai bakarra. Bere funtzio bakarra da ugaztunen kumeak elikatzea, hauek behar handiak dituztenean, bere sistema biologikoa oraindik garatu gabe dutenean, eta gainera elikagai esklusiboa da. Esnearen balio nutrizionala izango denaren inguruan pistak ematen dizkigu horrek.
Eta hori esnearen osaketan nabaritzen da?
Bai, bere osaketan nabaritzen da, baina ez bakarrik bere osagaietan, baita hauen egituran ere. Oso liserigarriak dira, eta batak bestearen aprobetxamendua hobetu egiten du. Esaterako, D bitamina eta laktosa azukreak kaltzioaren absorsioa errazten dute.
Ugaztunak munduarekin harremanetan jartzeko modu bat da esnea?
Horren inguruko teoria bat badago. Edoskitzaroa luzaro izaten da eta gure bizitzako lehenengo hilabeteetan hori bakarrik hartzen dugu. Argi dago lehendabizi plazer sentsazio bat ematen digula. Ume batek bularrean hartzen duen lasaitasuna izugarria da. Endorfinen sekrezioarekin zerikusia du, lasaitu egiten du, eta zapore gozoa horrekin erlazionatzen dugu. Izan ere, gero elikadura osagarria sartzen denean, bosgarren edo seigarren hilabeteetatik aurrera, zapore berriak erakutsi behar izaten zaizkio umeari. Zapore berriak ikasiko ditugu eta traumatikoa izango da ikasketa hori, ez bakarrik gaztetan, heldua zarenean ere bai. Inori ez zaio gustatu seguraski edan zuen lehenengo garagardoa edo ardoa, baina gero sibarita bihurtzen gara arlo horretan, ikasten joaten garelako.
Beste ugaztunen esnea hartzea kritikatzen duten iritziak ere badaude. Zer diozu horien inguruan?
Batez ere animalien babesa helburu duten elkarte askok dituzte iritzi horiek. Esaten dute gizakia dela animalia bakarra, esnea edaten duena edoskitzaroa eta gero. Esan dezakegu ez dagoela uste zen bezain harreman gogorra esnea, kaltzioa eta hezurren dentsitatearen artean 30 urtetatik aurrera, hau da, hezurrak itxi egin direnetik aurrera. Baina 30 urte egin arte, esnea edatea, adibidez, erlazionatuta dago hezurren osasunarekin. Zientifikoki frogatuta dago. 30 urtetik gora, adibidez, baditu onurak arazo kardiobaskularretan. Arrazoia bere ekarpen nutritiboa da. Munduan ez dago elikadura eta osasun erakunde zientifikorik esnea egunero edatea gomendatzen ez duena.