Bilduk eta Aralarrek osatutako Tolosako udal gobernuak Larramendi kaleko urbanizazioaz EAJ eta PSE-EE alderdiek zabaldutako «arrazoi ez-zuzenei» erantzun die. Lau puntu zehaztu dituzte erantzunean, eta horietako batean Larramendi kaleko urbanizazioak «bizilagun zaharrei eta berriei» eragiten diela eta biek dute la «eskubidea iritzia emateko eta aukera teknikoen artean onenari buruz erabakitzeko», diote.
Hain justu, udal gobernuak azaldu duenez, beste bi alderdiek urbanizazioaren finantzaketari buruz emandako «arrazoi ez-zuzen» horietatik honako ondorioa atera daiteke: «Auzoko bizilagun berriek lehendik dauden bizilagunek baino zilegitasun handiagoa daukatela erabakiren bat hartzeko orduan; eta ondorioz, berorien artean zatiketa sortzea».
Bilduk eta Aralarrek gaineratzen dutenez, «egia zera da, urbanizazioa lurzoruaren jabeen kargura doala. ‘Urbanizatutako’ lurzoruaren balioa etxebizitzen kopuruak eta haien ezaugarriek zehazten dute. Eta ‘urbanizazio kargen’ arabera aldatuko du bere balioa lurzoru ‘gordinak’ edo urbanizatu gabeak».
Beste puntu batean, EAJk eta PSE-EEk bere idatzietan iruzurra aipatzea kritikatzen du udal gobernuak: «Ez al da ‘iruzur’ handiagoa 8 solairuko eraikin bat altxatzea azken 20 eta 30 urteotan jendea bizi den 5 solairuko etxeen aurrean, bistak, eguzkia, aireztapena, eta abar kenduz?». Udalak gaineratu duenez, «herritar horiei kontsultatu gabe» egindako proiektua izan zen. Eremuko urbanizazioaz «gauza bera» esan daitekeela diote: «Denak ukitzen ditu, bizilagun zaharrak eta berriak, eta denak berdin».
«Hausnartzeko» eskatu dute
Udal gobernuak azaldu duenez, «EAJk eta PSE-EEk gauza asko dauzkate hausnartzeko Voith-Gorostidi-ren gaietan». EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak esandakoa ekartzen dute gogora: «Planeamendu ilegal bat onartu zutela, jakinda ez zela legezkoa, promotore batek egin zitzan legeak baimentzen zituen baino etxebizitza gehiago. Orain, argumentu okerrak eta ‘ad hoc’ sortuak erabiliz, gaia desbideratu egin nahi dute».
Udalaren proposamena ez dela arrazoi politikoek bultzatuta, arrazoi teknikoek baizik, dio: «Auzoko batzarrean esan genuen bezala, gai honetaz txostena egin zuten udaleko teknikariek eta diputaziokoek honelaxe kalifikatu zuten errepidea lurperatzeko proiektua: ‘Ulertezina eta ezin justifikatuzkoa’». Txosten horiek udaletxean ikusgai daudela gaineratu dute.
Udal gobernuaren ustez, errepidea lurperatzea «akats» bat da eta hori egin baino lehen «beste soluziobide bat» proposatu nahi dute. «Iruditzen zaigu horrek hobetu egingo duela hasierako proiektua», azaldu dute.
Azken puntuan, «arduraz eta gardentasunarekin» ari direla lanean esan dute, eta «demokraziaren arauak erabat errespetatuz». Auzotarren gehiengoak hartzen duen erabakia errespetatzeko konpromisoa berretsi du udal gobernuak, «nahiz eta ez onartu gure proposamena». Izan ere, bizilagunen gehiengoak duen pertzepzioarekin «oker» egon daiezkeela esan dute. «Bitartean, EAJ eta PSE-EEko kargu politikoei eskatzen diegu arduraz jokatzeko eta oztoporik ez jartzeko udalak bultzatutako parte hartze prozesuari», gaineratu dute.
Udal gobernua konbentzituta dago Larramendi auzoko bizilagunen gehiengoak «fede onez» parte hartuko duela eztabaida eta erabakitze prozesu batean, «helburu bakar batekin: denon artean auzo eta Tolosa hobeago bat eraikitzea».