KUP taldea «gustura eta oso pozik» agertu da, egindako lanarekin

Itzea Urkizu Arsuaga 2011ko azaroaren 7a

Egindako lanarekin gustura agertu dira KUPeko abeslari euskaldunak, taldeko Aitor Imaz tolosarrak azaldu duenez. Kamerinoan zain egon ziren KUP abesbatzako kideak, euren txanda iritsi zen arte, eta Europako Sari Nagusiko arauek abesti batetik bestera txalo egitea debekatzen duenez, «oso kontzentratuta» irten zirela nabarmendu du Imazek: «Abesti batetik bestera txaloak daudenean, beste modu batera egoten zara eszenatokian; nolabait, erlaxatu egiten zara. Bagenekien txalorik ez zegoela, eta oso kontzentratuta abestu behar genuela pentsatuz joan ginen; egin beharreko lana behar bezala egiteko helburuz». Honen harira, hainbat ezagunek «kontzentratuegi» zeudela eta «hotz samar» aritu zirela esan omen zieten, baina abeslari tolosarrak azaldu duenez, «hori zen helburua, zentratuta egotea».

KUP Taldea izan zen eszenatokira sartzean txalo gehien jaso zituena. Euskaldunek pieza laburragoak aukeratu zituzten italiarrek baino, eta XVI. mendeko autoreekin hasiz, XX. mendeko egileen obrekin amaitu zuten saioa.

Behin euren saioa amaitu zutenean, KUPeko kideak «oso sentsazio onarekin» geratu ziren: «Ahalik eta hobekien egin genuen lana, eta konforme geunden horrekin», nabarmendu du Imazek.

Sari nagusian parte hartu zuten gainerako abesbatzen mailari dagokionez, berriz, KUPeko kideek ikuslegoan zegoen jendearen iritzia izan zuten irizpide nagusi. «Gure lanak bukatuta, zuzenean kalera irten ginen, eta azkenean, jendearen pertzepzioarekin geratu ginen», dio Aitor Imazek. Epaimahaiak bere erabakia jakinarazi aurretik, 10 minutuko atsedenaldia izan zen Leidorren, eta tarte horretan izan zuten KUPeko abeslariek, emanaldiaren nondik norakoak ezagutzeko aukera: «Batzuek esaten ziguten suediarren eta gure artean zegoela euren ustez. Orduan, harrituta geratu ginen, ez baikenuen pentsatzen halakorik esango zigutenik. Bagenekien alemaniarrak ere oso onak zirela, eta neska hungariarrak ere bai. Azkenean, suediarrek irabazi zuten, baina oso-oso pozik gaude jendeak esan dizkigun gauzekin».

Aitor Imaz, gainera, tolosar moduan ere bereziki pozik agertu da, Leidor aretoa bete-betea egon baitzen joan den larunbatean: «Erakusleiho modukoa izan da abesbatza guztientzat, eta bizipen bat gehiago dugu orain; oso positiboa izan da».

Suediarrak garaile

Kantua eta musika interpretazioarekin nahastuz, eta saioko errepertoriorik garaikideenetarikoa eskainiz, Suediako Svenska Kammarkören abesbatzak irabazi zuen, pasa den larunbatean Tolosako Leidor aretoan ospatu zen 23. Abesbatza Kantuaren Europako Sari Nagusia.

Eurekin batera, Italiako Coro Città Di Roma abesbatza, Alemaniako Consono Chamber Choir besbatza, Hungariako Cantemus Children´s Choir abesbatza eta Euskal Herriko KUP Taldea abesbatza aritu ziren oholtza gainean.

Italiarrak izan ziren lehenak, eta indartsu hasi zuten saioa, Cantate Domino obrarekin.

Lehenengo zatia Alemaniako Consono Chamber Choir abesbatzaren saioarekin amaitu zen. Indartsu hasi ziren hauek ere, eta Moses Hogan-en Elijah Rock abestiarekin, erritmoz bete zuten euren saio amaiera.

Svenska Kammarkören abesbatza suediarrak hasi zuen Europako Sari Nagusiko bigarren zatia. Zehaztasunez interpretatu zituzten obra guztiak, bolumenaren bidez teknika eta abilezia erakutsiz. Luciano Bero autorearen Money obra izan zen deigarrienetariko bat, musika antzerkiarekin uztartu baitzuten suediarrek. Azkenik, iaz Tolosan irabazle suertatu ziren Hungariako neskek abestu zuten: Cantemus Children´s Choir. Abesti laburrez osatu zuten errepertorioa, eta aire freskoa eman zioten emanaldiari, txalo artean.

 

Migel Zeberio (Koru zuzendaria)

Epaiarekin, auzirik ez

Ia bi asteko koru uholdeari benetako ibaiarena gailendu zaio. Nonbait, naturako jainko-jainkosek, musikaren edertasunak jarrai zezan nahi lukete eta haserretu zitzaizkigun. Guk, aldiz, atsedentxoa hartzeko gogoz gaudela onartu beharko dugu.

Azken saioak Europako Abesbatza Kantuaren Sari Nagusia zekarkigun. Ikusminaren neurrira, sarrerak agortu ziren. Bost talde eta epaia bakarra eta nabarmena. Kontua, lehia giro bortitzean, taldearen baliabideei ahalik eta etekin handiena ateratzeko gai izatea da. Suediako Kamera Koruak bete zuen egokien baldintza. Epai mahaiaren oniritzia aurkitzeaz gain, entzulegoa atsegintzeko saiakerarik zentzudunenaren hautua egin zutelakoan nago. Berpizkunde txukunaren ondoren, Rachmaninoven errusiar doinu ortodoxoekin hasterako, entzulearekiko lotura lortua zuten, indar jokuak tentuz erabiliaz. Talde ongi egituratu eta bateratuak, ziurtasun handiz lanean, erromantikoei errepasoa egin, eta L. Berioren Money obraren izaera katramilatsuari muzin egin eta antzezteko aukera ere ez zuten galdu. Linndberg-en herri doinu goxoak azaltzeko, lotsarik gabe atseginez ase gintuzten eta Poulenc gorabeheratsuaren ondoren kondaira politean agurtu zitzaizkigun. Beste muturrean kokatuko nuke Erromako korua, ezpaizuen gainontzeko, lehen mailakotzat ditugunen perfektutasun trazarik gorde. Whitacreren Leonardoren ametsetan oinarritutako obrari, originaltasunetik haratago argitasun falta somatu nion. Alemaniako Consonok soinu tresna polita erakutsi zuen. Eztandatsu hasi eta amaieraruntz erritmikotasuna azaldu bitartean, zehaztasunez aritu ziren. Malgutasun nahikoaren ezak edo hitz jarioaren lautasunak, astun xamar egin zuen beraien kontakizuna. Euskal ordezkariak lehiatzeko grinaz atera ziren. Baltes maisuaren lanerako eskemak, korurako obra esanguratsuak direnen bilduma osatu zuen. Une oro nabarmendu zuen, obra horiek gordetzen dituzten ñabardura eta zertzelada goxoak argitaratzeko lan eskerga egina zuela taldearekin. Berpizkundearen elkarrizketa garbi eta oihartzun joko politak, Brahamsen hunkigarritasunak, Faureren gehiegizko arriskuek, guztiek, zerbait gehiago izan zitekeela adierazi nahi zuten; Ko Matsushitaren Jubilate Deo obrak taldearen alde emankorrena eta erlaxatuagoa erakutsi zuen arte. Harritu ninduen, talde honek euskal konposagileen artean, lehiaketa honetarako neurriko ezer aurkitzerik ez izanak. Hungariako Cantemuseko neskek ez zuten beren egunik hoberena izan. Berpizkundeko hiru obrez osatutako lehen ahapaldiak, tenkatasunez harrapatu zuen abesbatza. Arratsaldeko emanaldi horretan, guztien artetik Tolosako oholtzan eskarmentu gehien duen D. Szabó zuzendariak, kostata lortu zuen taldea bere onera ematea. Laugarrengoan, G. Orbánen Gloria ederrak, piano laguntzaile bikainarekin, ia erabat, hungariar literaturari eskainitako tarte esanguratsuari eman zion hasera. Orduan bai, unisono hobeezinak, erritmo eta dinamika perfektuak, esaldi joskera hegalariak, maisuaren energiaz beteriko keinuek erantzun egokiena lortu zuten. Eta horrela, guztien aukerak irentsi zituen antzokiak, eta txalo artean joan zen horrenbeste denboran metatutako adrenalina.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!