EAJ Kale Garbiketa ordenantzarekin kezkatuta

tolosa 2011ko azaroaren 7a

Tolosako EAJko udal taldeak, udal gobernuari indarrean dagoen Kale Garbiketa ordenantza «kunpli dezala» eskatu dio.

2010eko azaroaren 30ean egindako osoko bilkuran eman zitzaion lehen onespena Kale Garbiketaren ordenantzari. Ondoren jendaurrean jarri zen, eta EAJren hitzetan «3 aleagazio aurkeztu ziren eta hauei erantzuna eman zitzaien». Horrez gain, partaidetza prozesu bat eraman zen aurrera. Garbiketa ordenantzaren informazioa eskura jarri zen, ondoren bilera irekiak antolatu ziren eta ahalik eta zabalena izan zedin deialdian interes berezia jarri zen.

Ordenantza honen onarpena, beraz, partaidetza prozesu baten emaitza izan zen. Bestetik, garbigunean berrerabilpenerako txokoa sortzeko proposamena bilera hauetako batean mahaigaineratu zuten EAJkoek. Mankomunidadeko batzarrera eraman zuten proposamena, «aho batez onartu zen eta egun aldundiarekin harremanetan dago mankomunidadea, berrerabilpenerako txokoa San Blaseko garbigunean ahalik eta azkarren martxan jartzeko».

Ordenantzaren behin betiko  maiatzaren 12an onartu zen. Onartu aurretik informazio kanpaina bat egin zen, EAJren ustez «kale garbiketak herritar guztien partaidetza» eskatzen duelako eta «partaidetza hori barneratzeko ordenantza bera barneratzea ezinbestekoa» delako.

Aipatu ordenantza hau urriaren 1etik indarrean badago ere, orain arte «ezer ez dela egin» uste du EAJk. Ondorioz, «kaleak eta bazterrak, garbiketa ikuspuntutik zikinagoak daudela» dio EAJk eta gainera, «hainbat herritarrek eginiko lanari eta emandako iritziei muzin egin zaiela» uste dute.

Hauteskundeak direla eta kalean jarritako kartel preelektoralekin ere kezkatuta dago Tolosako EAJ: «udala bera da indarrean dagoen ordenantza kunplitzen ez duen lehena, barandilla guztietan eta zubi ixkinetan kartelak jarriz».

Honela, EAJk Bilduri ordenantza honetan sinisten ez badu, osoko bilkura batean «indargabetu dezala» . Bestela, «udalak onartutako arauen kontra» egiten baitu.

Gauzak honela, Bilduri «indarrean dagoen ordenantza errespeta dezala» eskatu dio Tolosako EAJko udal taldeak.

Kale Garbiketaren ordenantza ez betetzeak atarian dauden hauteskundeekin zerikurik ote duen galdetzen du EAJk. Eta kartelak hauteskundeetan jartzen diren paneletatik kanpo jarri behar badituzte, ez dakitela «zentzua duen udaleko obra brigadak alperrikako lana egitea, panelak garbitu eta jarriz». Azkenik, horren berri talde politiko guztiei ematea eskatzen diete, guztientzat «arauak berdinak behar dutela izan» uste baitute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!