Bigarren urtez ekin diote Mintzalaguna egitasmoari

tolosa 2011ko azaroaren 3a

Galtzaundi euskara taldeak hasiera eman dio Mintzalaguna 2011-12 ikasturteari Tolosako Iurre elkartean. Talde gehienak urrian zehar lanean martxan baziren ere, herenegun arratsaldean eman zitzaien hasiera ofiziala, talde guztiak elkartuz eta elkarren berri emanez. Galtzaundik merienda baten bitartez eskerrak eman nahi izan zizkien proiektuaren parte hartzaileei, bai hiztun eta baita ikasleei ere. Izan ere, Galtzaundik bigarren urtez jarraian heldu dio Mintzalaguna egitasmoari eta iaz egindako lanari aurten jarraipena emateko ilusioz azaldu da.

Amaia Doyaguek, Galtzaundiko kideak, azaldu bezala, aurtengo ikasturtean guztira 40 pertsona ariko dira Mintzalaguna proiektuan, zortzi talde osatuz. Zazpi talde ohiko Mintzalagunean jardungo dira, hau da, euskaraz hitz egiteko ohitura dutenek eta ez dutenek astean behin elkartuz, azkenengo hauen euskara erabilpena areagotzeko asmoz.

Bestetik, euskara taldeak, aurten lehenengoz, hitanoa lantzeko taldea abian jarri du. Bertan, partaideek hikaz hitz egiteko trebetasuna landu eta praktikara eramango dute.

Urte osoan zehar izena emateko aukera zabalik egongo da, egitasmoan parte hartu nahi duen edozeinentzat aukera eskainiz. Harremanetan jartzeko koordinatzailea@galtzaundi.com helbidera idatzi, 943 65 50 04 zenbakira deitu edo Galtzaundiko bulegora (Nafarroa etorbidea, 6, Tolosa) joan daiteke.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!