«Inork ez zuen pentsatuko KUP taldea hona iritsiko zenik»

tolosa 2011ko azaroaren 3a

Europako bost abesbatzek parte hartuko dute, larunbatean, Leidorren ospatuko den Abesbatza Kantuaren Europako Sari Nagusian. 17:30ean hasiko den emanaldian, iazko Nazioarteko Abesbatza Lehiaketetako zirkuitu ofizialetako irabazleek parte hartuko dute. Horrela, Consono Chamber Choir, Cantemus Children´s Choir, Coro Città Di Roma,  Svenska Kammarkören eta KUP abesbatzak izango dira oholtzan. Neijc Rudel, Aitor Imaz, Imanol Aramendi eta Xabier Ormazabal tolosarrek, KUP taldean abesten dute, eta Hitzarekin hitz egin dute.

Sari nagusian parte hartzeko, zirkuituko lehiaketaren batean irabazi behar da. Non irabazi zuen KUP taldeak?

Xabier Ormazabal: 2010eko maiatzean irabazi genuen, Tours-en, Frantzian, eta horregatik parte hartuko dugu, bihar. Tours-eko lehiaketa honez gain, Hungarian Debrecen-go lehiaketa, Bulgarian Varna-ko lehiaketa, Italian Arezzoko lehiaketa, Suedian Maribor-eko lehiaketa eta Tolosako lehiaketa dira zirkuitukoak; guztira sei dira, beraz. Debrecen-go eta Maribor-eko lehiaketak, ordea, bi urtez behin ospatzen dira, txandakatuz. Bost lehiaketa izaten dira urtero, eta lehiaketa bakoitzeko abesbatza irabazleak hurrengo urteko Europako Sari Nagusian parte hartzen du.

Orain arte, bi euskal abesbatzek soilik lortu dute Europako Sari Nagusian parte hartzea: Hodeiertzek  eta KUPek. Zuetakoren batek, bigarren aldiz abestuko du sari nagusian. Zer nolako garrantzia du horrek?

Imanol Aramendi: Nik Hodeiertzekin abestu nuen, eta larunbatean ere abestuko dut. Txantxetan esaten dut, sari nagusietako Edurne Pasaban izango naizela, eta guztiak egingo ditudala [barreak]. Hodeiertzekin Gorizian duela 20 urte parte hartu genuen, eta oso abesbatza gaztea ginen. Horrelako esperientzia bat beste modu batera bizitzen duzu 20 urte gehiagorekin. Hodeiertzekin parte hartu genuenean zirrara oso berezia sentitu genuen; sari nagusian parte hartzen zuen lehen euskal abesbatza ginen. Abesbatza kantuaren Europako Sari nagusiak urte gutxiko ibilbidea zuen artean, eta pozik geunden. Orain, lasaiago ikusten da guztia.

Honen harira, Tolosan abesbatzei dagokienez zer nolako maila dagoela uste duzue?

I.A.: Beste herrialde batzuengandik ikasteko asko dugu oraindik. Argi dago herrialde baltikoek, eskandinaviarrek eta alemaniarrek beste kultura eta heziketa bat dutela. Herrialde hauetan, musika eskoletan abesbatza batean kantatzea oso harrera ona duen zerbait da; hemen, ordea, duela gutxira arte behintzat, isolaturiko zerbait zen. Hemen, abesbatza batean kantatu nahi baldin baduzu, zerorrek hasi behar duzu bidea.

Aitor Imaz: Eslovenian, adibidez, oso ohikoa da abesbatza bateko kide izatea.

Neijc Rudel: Ia eskola guztietan abesbatza bat edo gehiago dago. Ikastetxeetan, txikitatik sustatzen zaie ikasleei, abesbatza batean kantatzea. Herritarren gehiengoarentzat oso ohikoa da abesbatza batean kantatzea. Eslovenian elkarteren batean edo mahaiaren inguruan hiru lagun baldin badaude, abestu egiten  dute beti.

I.A.: Hemen, ia ez dago abesbatza profesionalik. Alemanian, Eskandinavian edo beste lurralde batzuetan, hertsiki profesionalak ez izan arren, bada abesbatza batean kantatuz bizi den jedea. Hori, hemen, oso zaila da.

Zuetako bakoitza nola sartu zen abesbatzen munduan?

I.A.: Ni abesbatza lehiaketaren bidez. Gida moduan hasi nintzen, gustatu egin zitzaidan, eta Tolosan Hodeiertz abesbatza sortu zenez, bertan abesten hasi nintzen.

A.I.: Ni solfeoan hasi nintzen, gero akordeoiarekin eta gero abesbatzan. Leidor abesbatzan hasi nintzen, gero Hodeiertzen, eta pixkanaka saltsa guztietan aritu izan naiz.

X.O.: Nire arrebak koru batean abesten zuen, baita nire amak ere; etxean beti izan dut heziketa hori. Baina ez nuen interes berezirik izan, abesbatza lehiaketan gida moduan aritu nintzen arte. Abesbatzan hasi nintzen eta 14 bat urte daramatzat jada.

I.A.: Xabi (Ormazabal) Hodeiertzerako fitxatu nahian ibili ginen urteetan, gainera! [barreak]

N.R.: Nik, egia esan, ez dakit noiz hasi nintzen abesten, ezaguera dudanetik abesten dut. Tolosara, berriz, lehiaketarekin iritsi nintzen ni ere. Esloveniako abesbatza batekin parte hartu genuen, eta gaur egun nire emaztea dena, abesbatzaren laguntzailea izan zen lehiaketan. 2000. urtean, Tolosan Europako Sari Nagusia izan zen, eta abesbatzarekin etorri nintzen; berriro bera izan zen gure gida. Horrela ezagutu genuen elkar.

Zein motatako errepertorioa duzue?

A.I.: KUPen programa nahiko klasikoa da. Zuzendaria frantziarra da, eta beste kultura bat du, eta hori taldean islatzen du.

X.O.: Garaikideak ez diren autoreen obrak abesten ditugu.

Eta sari nagusian obra beharturen bat ba al dago?

A.I.: Ez, talde bakoitzak 25 minutu ditu, eta denbora tarte horretan nahi duguna abestu dezakegu. Guk musikaren historia errepasatuko dugula dirudi. Berpizkundetik hasi, eta XX. menderainoko obrak abestuko ditugu.

I.A.: Guk, oso folklore gutxi lantzen dugu; koru polifonikoa gara.

A.I.: Horrelako programak gutxitan entzuten dira hemen.

Nolakoa izan da Europako Sari Nagusirako prestakuntza?

A.I.: Azaroaren 5a seinalatuta izan dugu urte osoan zehar, baina pixkanaka aritu gara.

I.A.: Zuzendariak argi izan du beti, kalitatezko programa bat eskaini nahi duela; KUP benetan zer den ikustea nahi du.

X.O.: Euskal Herriko txoko desberdinetako jendea garenez, eta zuzendaria frantziarra denez, sarri elkartzea ez da erraza. Beraz, hilabetean behin egiten ditugu entseguak.

I.A.: Noizean behin elkartu arren, entseguak bi egun irauten dute. Oso entsegu luzeak egiten ditugu, eta kideok gure aldetik lan handia egiten dugu partiturak ikasteko.

Publikoa abesbatza musika entzutera ohitua al dago? Tolosarrek estimatzen al dute lehiaketak duen garrantzia?

I.A.: Kalitatezko musika transmititu egiten da. Beste kontu bat da, jendea kontzertuetara erakartzea. Lan egin behar da, abesbatza musikaren kultura zabaltzen.

A.I.: Frantzian, elizak bete egiten dira sarrera ordainduz. Hemen, sarrera doakoa izaten denean ere, oso jende gutxi izaten da.

Azkenik, Europako Sari Nagusia irabaztea zer izango litzateke KUPentzat?

I.A.: [Barreak] Hasteko, ezin izango genuke, bi urtetan, zirkuituko lehiaketetan parte hartu.

X.O.: Poz handia sentituko genuke.

A.I.: Amets bat da; inork ez zuen uste KUP Europako Sari Nagusira iritsiko zenik.

I.A.: Gure helburua emanalditik gustora irtetea da, lan ona egitea.

N.R.: Guk jendea animatu nahi dugu. Etor daitezela ikustera.

Lehiaketan parte hartuko duten abesbatzak

Citta Di Roma

Italia. Varnan (Bulgaria) lortu zuten Sari Nagusian parte hartzeko txartela. 1979an sortu zen abesbatza, eta bere hasieratik kontzertu jarduera bizia mantentzen dute Italian eta atzerrian, musika polifonokioaren ikasketa eta zabalkundea sustatuz. Mauro Marchetti da koruaren zuzendaria.

KUP taldea

Euskal Herria. Tours-en (Frantzia) irabazi ostean, Europako finalean abestuko du. Gabriel Baltes da zuzendaria, Musikene zentroan abesbatzen zuzendaritza irakaslea. Taldea 2003an sortu zen, gazte talde baten ekimenez. Sorreratik bertatik, zailtasun eta konplexutasun tekniko handia duten maila goreneko obrak interpretazea izan da KUP taldearen helburua.

Cantemus Children’s Choir

Hungaria. Iazko Tolosako Abesbatza Lehiaketan sari nagusia eskuratu zuen. Hainbat sari jaso ditu azken hogei urteetan, tartean nagusiak. 1975tik, Gregoriano, Berpizkunde, Erromantizismo eta aldi garaikideko musika lan ederrenez osatu du bere errepertorioa. Hungariako musikagile ezagunenen lanak estreinako aldiz abesteko ohorea izan dute maiz. Biharko lehiaketan parte hartuko duen haur abesbatza bakarra da.

Svenska Kammarkören

Suedia. Azken urte hauetan, Suediako ahots nahasien abesbatza ezagunetarikoa bihurtu da, izen handiko grabaketak egin eta nazioarteko lehiaketetan sari ugari irabazi dituztelako. Abesbatzaren errepertorioa Berpizkundetik aldi garaikideraino lanez beteta dago. Iaz Arezzon (Italia) lortutako sari nagusiak eman dio biharko finalean parte hartzeko txartela abesbatza suediarrari.

Consono Chamber Choir

Alemania. Consono ganbera abesbatza bere zuzendari Harald Jers-ek sortu zuen 2001ean. Azken urteetan enkarguzko hainbat lan estreinatu ditu. Nazioartean izena duen taldea da, disko grabaketak, irrati grabaketak eta hainbat lehiaketetan lehenengo sariak irabazi dituelako, besteak beste, Alemaniako Lehiaketa Nazionala 2006an. Iazko Debrecen-go (Hungaria) txapelketan lortu zuten sari nagusia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!