Tolosa&Co merkatarien elkarteak larunbatak girotzeko ekimena abiarazi du hirugarren urtez. Hori bai, Eusko Jaurlaritzatik jasotako diru laguntza murritzagoa denez, egitaraua ere halakoa izango da, eta azarora mugatuko da. Hain zuzen ere, azaroko hiru larunbatetan izango dira «tolosarrak herrian bertan geratzea helburu duten kale emanaldiak».
Agustin Aduriz merkataritza dinamizatzaileak azaldutakoaren arabera, bada berrikuntzarik emanaldiei dagokienez: «Aurten, emanaldiak mugikorrak izango dira, ez dira leku finko batean izango beste urteetan bezala». Dena den, eguraldiak lagunduko ez balu, Zerkausian eta Berdura plazan izango lirateke. Lehenengo emanaldia etzi izango da, 18:00etan hasita. Jabadeus taldeak Erdi Aroko folka eskainiko du Nafarroa etorbidean, Laskorain kalean eta San Frantziskon.
Tolosa&Co txartela
Bestalde, merkatarien elkartetik adierazi dutenez, abenduaren 14a bitarteko erosketak Tolosa &Co txartelarekin ordaintzen dutenentzat abantailak izango dira. Erosketetan %5eko deskontua, bi lagunentzako afarien zozketa edota Arriaran gasolindegirako deskontuak eskuratu ahal dira.