Tolosako Abesbatza Lehiaketa amaituta, eta Europako Sari Nagusiaren esperoan, koru musikaz gozatu nahi dutenek bi aukera dituzte, biak Santa Klara komentuan. Protagonistak ez dira nolanahikoak izango. Gaur, 19:30ean, Oreya Chamber Choir abesbatzak emango du kontzertua. Bihar, ordu berdinean, Kea ahots taldearen txanda izango da.
Sari nagusia irabazi duen Oreya Chamber Choir koruak musika erlijiosoa eskainiko du. Lehenengo zatian, musika ortodoxoa abestuko dute, batez ere Errusiakoa eta Ukrainakoa. Bigarren zatian, hainbat garaietako mendebaldeko musika erlijiosoa eskainiko dute.
Zuzendari berezia
Kea ahots taldearentzat kontzertu berezia izango da, zuzendari lanetan Leonardo Garcia argentinarra ariko baita. Bi zati izango ditu kontzertu horrek. Lehenengoan XVI. mendeko Tomas Luis de Victoriaren lanak abestuko dira eta bestean XVIII. mendeko Giovanni Giorgirenak. Emanaldian, obra horiei «interpretazio berri bat, argi berri bat» eman nahi diotela esan du Garciak. «Berpizkundeko eta Barrokoko musika erlijiosoa interpreteen nortasunik gabe abestu izan dira. Garai horietako margolanek zituzten koloreak musikari berriro ematea garrantzitsua da, mendeetan zehar galdu baititugu».
Kea ahots taldearekin lehen aldiz egiten ari da lan. «Oso ahots emankorrak eta malguak dituztela iruditzen zait, musika honen materia lantzeko modukoak», dio zuzendariak. «Oso gustura nago hemen, hain justu, nire arbasoek Tolosa herriarekin harremana dutelako». Bestalde, abesbatza musikaren munduan Tolosak duen garrantzia nabarmendu du zuzendari argentinarrak.