Asuncionek aste honetan sinatuko du hitzarmen berria Osasun sailarekin

Itzea Urkizu Arsuaga 2011ko azaroaren 3a

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak, aste honetan sinatuko du Asuncion klinikarekin, ospitalea eraberritzeko hitzarmen berria. Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) plataformako kideak Jesus Mari Begiristainekin, Osasun saileko Gipuzkoako buruarekin, bildu ziren atzo Donostian, eskualdean hika-mika sortu duen afera honi buruz hitz egiteko.

TOPA plataformako bi kide bildu ziren Begiristainekin, eta besteak beste, aste honetan Asuncionekin akordioa sinatu behar dutela eta erabakia hartuta dagoela nabarmendu zuen  Begiristainek: «Eskualdeko osasun zerbitzuaren erabiltzaileok, hitzarmen berriarekin, irabazi egingo dugula esan digu», azaldu zuen TOPAko ordezkari batek.

Orain arte Osasun sailak eta Asuncionek sinatu izan dituzten kontzertuak bost urtekoak izan dira, baina aste honetan sinatuko dutena urte beterako akordioa izango da. Begiristainek TOPA plataformako bi kideei azaldu zienaren arabera, «beren asmoa, une honetan Asuncion klinika eraberritu eta ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzea da». Gainera, hemendik urte batzuetara, behar bada, Asuncion ospitale publiko bilakatu daitekeela ere aipatu zien.

Hau, ordea, «kontua besterik ez da» TOPAren arabera: «Hau pribatizazioa da». Begiristainek berak, atzoko bileran onartu zuen hitzarmen berria nolabaiteko pribatizazioa dela, baina une honetan beste biderik ez dagoela azpimarratu zuen, eta erabiltzaileek ez dutela ezer galduko.

Plataformako kideak, ordea, ez ziren ados azaldu baieztapen honen aurrean: «Guk hori ez dela egia esan diogu, pribatizazioarekin, etekinak ateratzea helburuetako bat delako; zerbitzua emateko diru gutxiago izango dutela uste dugu».

Jesus Mari Begiristain eta TOPAko bi kideak bilduta egon ziren bitartean, Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformako beste zortzi kidek elkarretaratzea egin zuten, Osasun eta Kontsumo sailak Donostian duen egoitzaren aurrean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!